Gauza kuriosoa da. Disko edo filmen kritiketan nahiko gauza arrunta da kritikarekin batera nota bat jartzea –izan daiteke zenbaki bat, izarrak, edo dena delakoa-. Agian egunkari generalistetan ez (Berrian esaterako ez dira jartzen), baina bai ordea aldizkari espezializatuetan. Gaur egun gehien jarraitzen dudan musika aldizkarian (www.pitchforkmedia.com), hamarrekoak eta guzti jartzen dituzte. Baina literaturaren kasuan, oso zaila da nota zehatz bat jartzen duten kritikekin topo egitea.
Horren adibide garbia da www.metacritic.com orrialdea, non liburu, film nahiz diskoen gainean egindako kritikak bildu eta nota orokor bat jartzen zaien (batezbestekoak kalkulatuz-eta). Hortik ateratzen dituzte gero hain dibertigarriak izaten diren zerrendak. Baina liburuei metacritic-ekoek beraiek jarri behar izaten dizkiete notak jatorrizko iruzkinetan oinarrituz, jatorrizkoan ez dizkietelako notarik jartzen. Hona hemen beraien azalpena:
All reviews are classified as one of five grades: Outstanding (4 points), Favorable (3), Mixed (2), Unfavorable (1) and Terrible (0). To calculate the Metascore, we divide total points achieved by the total points possible (i.e., 4 x the number of reviews), with the resulting percentage (multiplied by 100) being the Metascore.
Disko eta film batzuei ere zenbait medioetan ez dizkiete notarik jartzen (eta metacriticekoek kalkulatzen dute halaber), baina liburuekin alderatuz, askoz gutxiago izaten dira.
Nota jartzearen alderdi txarrak agerikoak dira eta denoi bururatzen zaizkigu azkar asko: sekulako lan eskerga zenbaki ziztrin batean laburbiltzea, nota oro injustua dela, inkluso, adorniano jarriz, arrazoimen instrumentalaren garaipena (eta kapitalismoarena, bidenabar) litzatekeela. Baina malezia apur batekin pentsatuz gero, uste dut badituela bere abantailak ere. Ezeren gainetik, kritikoa bustitzera behartzen du. Sarritan esan izan da, arrazoiz, euskal literaturako kritikaren arazo nagusienetakoa kritika zorrotz eta txarrekin topo egitearen zailtasuna dena, liburu guztiak berdintzeko joera dagoela. Hala, maisu lan bati eta liburu kaskar bati ia jaramon eta kontsiderazio bera egin eta ematen zaizkie. Bazka zaharreko lehenengo alean arazo honi buruzko artikulu interesgarri bat azaldu zen: www.susa-literatura.com/cgi-bin/liburuak.pl?lib=bazk01. Idatziz gauza beti lausoago uzteko aukera duzu-eta, disimulatzea errazagoa da; baina nota bat jarrita kritikoa agerian geratzen da. Akaso euskal kritikariek notak jarriko balituzte ezer aldatuko ez litzatekeela pentsa liteke orobat, beti 9ak jarriko lituzketelako edo inor kritikak egitera ausartuko ez litzatekeelako.
Hau dela eta, Berriarako egiten ditudan kritikak blogean jartzen ditudanean nota bat gehitzea pentsatzen jardun naiz, horrela gainera blogeko kritikak gehigarri bat edukiko lukeelako; baina uste dut azkenean ez dudala barrenik izango.
7 Iruzkin
Otsaila 8, 2008 at 3:02 pm
Interesgarria izan liteke Rotten Tomatoes (http://www.rottentomatoes.com) foroaren antzeko zerbait: erabiltzaile bakoitzak nota bat jarri eta denen batazbestekoa ateratzea…
Orain brometan: niri injustua iruditzen zait puntuaketa. Agian kolore bidezko sistemaren bat politagoa litzateke, ezta? Arroxa, morea, MARROIA…
Otsaila 8, 2008 at 3:27 pm
Gorka, demokratak gara baina pasa gabe; oraindik ez gara masaren inozokerian erori eta sinisten dugu nolabaiteko hierarkian (batez ere guri goiki maila egokitzen zaigunean).
Gainontzean, internetek ematen duen aukeretako bat horixe baita (batez ere web 2.0 asuntu honekin), edonork bozka dezake edozeri buruz, edonork parte hartu eta abar; honek guztiak bere tranpak ere badituen arren, jakina.
Otsaila 12, 2008 at 10:02 am
Pozten naiz Metacritic-eko aipua ikusteaz, nik neuk ere aldarrikatu nuen euskal kritika (eta, bide batez, literatura, edo alderantziz) salbatzeko packtxo baten barruan:
http://www.slideshare.net/luistxo/iban-zaldua-nola-salbatuko-duen-internetek-euskal-literatura/
Ea animatzen zaren Berrian, Beñat…
Otsaila 13, 2008 at 9:45 am
Dena dela, fijatu naiz eta Metacritic-ekoek kendu dute liburuen atala. Harry Potter sailaren azkeneko liburuaren kritiken bataz bestekoarekin amaitu zuten, antza denez (83 puntu). Konbentzionalagoa dirudien “The Complete Review” delako orrialde batera erremititzen dute orain:
http://www.metacritic.com/books/
Otsaila 13, 2008 at 10:17 am
Hala da, Iban, ez nintzen ohartu ni ere. Puntuazioarena, ikusiko dugu… oraindik bueltak ematen ari natzaio.
Otsaila 13, 2008 at 11:06 am
Puntuazioarenarekin ados… baina uste dut literatur liburuekin bezala, argitaratzen diren kritikekin ere egin beharko litzatekeela… Badakizu, autokritika eta kontu horiek…
Adibidez, hemen zintzilikatzen dituzun kritikei ere puntuazio bat ematea proposatuko nuke (eta hemen zintzilikatu gabe ere, edonork edonola egiten dituen kritikekin berdin, adibidez, nireekin noski edo kritiken hemerotekako kritikekin)… Horrela, kritikak ere kritikatu egingo dira sistema numeriko estandar baten bidez eta agian, eta soilik agian, kritikek “Zuzendariari gutunak” atalean izan dituzten hainbat zeresan pekuliar (satirikoak eta zinikoak barne) sahiestuko dira.
Bide batez, Euskadi Sarietako kontuak ere puntuagarriak iruditzen zaizkit; blogak, Durangoko azoka eta beste hainbat kontu bezala…
Otsaila 13, 2008 at 12:56 pm
Kontua desmadratzen ari da, baina behin borgiano jarrita, imajinatzen dut puntua daitekela ere liburuaren kritikaren kritika (eta horrela suzesiboki), ezta?
Bestetik, zuk aipatzen duzunaren ildotik, erabakia dut. Norbaitek nire kritika bat “Zuzendariari gutunak” horretan kritikatu arte ez dut kenduko bizarra.