Otsaila 11, 2008...8:46 am

Morto Vivace, Jon Arretxe

Jump to Comments

   

Hilketa Le Vieux Mouche-n

       Aitor dut Morto vivace hau dela orain arte irakurri dudan Jon Arretxeren lehen liburua. Aitor dut, halaber, idazle basauriarraren gainean hor zehar jasotako erreferentziak ez direla oso onak izan. Gogoan dut, adibidez, nerabezaroan izandako euskarako irakasle hark Ostegunak liburua madarikatu zuenekoa -ikasleek liburua irakurtzeari ekiten zieten bitartean, esan gabe doa-, liburuko euskararen maila kaskarra seinalatuz -liburu bat infernuko zulora zuzenean bidaltzeko argudio behinena, bestalde-.

       Irakurraldiaren ostean geratu zaidan irudipena, laburbilduz, honako hau izan da: bai, egia da liburuak alderdi kaskar samarrak dituena, baina tira, ez da horrenbesterako ere. Ez da horrenbesterako, besteak beste, nobela beltzetan tipikoa den argumentu interesgarri bat lotzea lortu duelako Arretxek, zeinak irakurketari erraz eragiten dion aurrera. Parisko Sena ibaian ibiltzen den Le Vieux Mouchen hilketa bat jazotzen da bertan, besteren artean, Miarritzeko Operakoak afaltzen ari diren bitartean. Liburuak Perrot eta Martinez La Crim-eko polizien ikerketa lanak kontatzen ditu, dena giro nahiko lunpen batean narratua. Istorioak badu, izatez, halako ukitu zikina, hiltzailearen modus operandi-tik bertatik hasita, urrutira joan gabe; baina, jakina, zikintasun hau halako errukitasun batekin txertatuta dago, zikintasuna deserosoa izan beharrean erosoa da egiaz, eta, esaterako, protagonistekin identifikatzen laguntzen du. Alde horretatik, honako hau ez da irakurlearentzako liburu mingarria -ez bada irakurlea gotzaina-edo-; alderantziz, erraz eta trauma handirik igaro gabe irakurtzen ahal da -batez ere liburuaren irakurle potentziala nerabe eta gazteak direna kontuan hartzen badugu-. Baina inpresioa dut autorearen intentzioa ere ez dela zehazki hori, liburu entretenigarri eta atsegin bat idaztea baizik, eta uste dut helburu hori lortu duena hein handi batean. Kapituluak motz samarrak izateak, eta liburuko bi pertsonaia nagusiak (Perrot eta Martinez) aski ongi osatuak egoteak ere -saga baten hasiera akaso?- laguntzen du honetan guztian.

       Nobela zinematografikoa da oso, ekintzak dira kontakizunaren motor nagusia, eta nekez topatzen dira, hortaz, deskribapen edo barne psikologia garaturik. Kontatu beharreko oro esplizituki eta arazki kontatzen da, eta apenas uzten zaion tarterik irakurleari bere kabuz istorioa osatu dezan. Horren adibide garbiena 6. kapitulua dela iruditzen zait, non argumentuaren korapilo eta ebazpena zuzen-zuzenean esplikatzen den, inolako zirrikiturik utzi gabe. Irakurleari denak koadratuko dio amaieran narratzaileari esker. Arestian aipatzen genuen erosotasunak, jakina, badu zerikusirik honekin guztiarekin.

       Baina, funtsean, liburua tarte atsegin eta entretenigarri bat igarotzeko idatzia dagoenez, ez dirudi zentzuzkoa finkeriatan ibiltzea, eta bai ordea aitortzea liburua ofizioz idatzia dagoena. Eta ez hori bakarrik, nobela zeharkatzen duten gaietako bat homosexualtasuna da, eta inpresioa dut, oro har, gaia onkerian eta politiko zuzenaren topikoetan erori gabe tratatzen asmatu duela, zeina, bidenabar, ez baita gauza oso ohiko eta erraza. Ez zait iruditzen, egia esan, ikastetxeetan irakurtzeko liburu egokiena, baina asteburuko ordu libre batzuk edo trenez egindako bidaia bakartia momentu aproposak izan daitezke liburu honen irakurketari ekiteko.

       Aipagarria, azkenik, Elkarrek ezinezko zirudiena posible egin duela Ateko Bandan sail honekin. Zer eta Charles Bukowski, Felipe Juaristi eta Jon Arretxe -besteak beste- sail berean sartu.

Berria 2008/02/10

6 Iruzkin

  • Hasi aurretik bi kontu: ez naiz literaturan aditua, baina irakurtzea gustatzen zait. Oraindik ez dut Jon Arretxeren libururik irakurri.

    Nire iritziz euskal literaturak horrelako nobela gehiago behar ditu (agian baditu eta nik ez ditut ezagutzen?).
    Erraz irakurtzen denak ez du zertan “literatura eskasa” izan behar; komertziala denak ez du zertan “txarra” izan behar. Eta iruditzen zait aurreiritzi hori badagoela gure artean. Zer da txarra? Zer da ona? Liburu batean bilatzen dudana entretenitzea bada (eta ez diot guztion kasuan helburua hori izaten denik), eta liburuak entretenitzen banau, ona da niretzat.

    Eskertuko nuke horrelako nobela gehiagoren aipamenak egitea, bestela beti atzerriko literaturara jotzeko ohitura baitaukat… Euskaraz, adibidez, Fernando Morilloren Gloria Mundi gustatu zitzaidan.

  • Kaixo Amaia, mila esker parte hartzeagatik, eta esan gabe doa, inongo konplexurik eta justifikaziorik gabe idatz dezakezu literaturaz txoko honetan.

    Zuk aipatzen duzun gaiari dagokionez, nik uste azken urteetan euskal literaturan dexente ugaritu direla “kontsumo literatura” gisa sailka daitezkeen liburuak. Jon Arretxe eta Fernando Morillo bera multzo horretan sar daitezke, baina baita agian beste zenbait sona handiko idazle ere (Iban Zalduak bere Obabatiko tranbian asuntu honen inguruan polemizatu zuen apur bat).

    Seguruenik, ez zaizu arrazoirik falta kontsumo-literaturari buruz egon daitekeen aurreritzi hori salatzen duzunean, baina kontrako aurreritzia ere badagoela iruditzen zait, eta bide batez, bestea baino indartsuagoa (eta kaltegarriagoa) dena. Hau da, jende askok ekidin egiten ditu literatura on edo “goi literatura”-tzat hartzen diren liburuak, zuzenean irakurtzeko zailak eta aspergarriak izango direlakoan; eta hori, jakina, ez da beti horrela. Areago, esango nuke hori ia inoiz ez dela horrela. Zenbait deribazio abangoardista eta esperimental izan daitezke, baiki, zail, aldrebes eta aspergarriak, baina nago gutxiengoa direla, oro har zein gure literaturan. Kanona-edo (euskal nahiz ez-euskal) osatzen duten obren gehiengoa irakurterraz eta dibertigarriak direla alegia.

    Bestetik, uste dut errazago onartzen dela gure artean kontsumo literatura balizko literatura exigente hori baino. Adibidez, duela denbora gutxi polemika sortu zuen Koldo Izagirreren Sua nahi Mr. Churchill liburua kritikatua izan zen hain zuzen ere zailegia omen zelako (antzeko gauzak entzun izan dira halaber Itxaro Bordaren 100% basque-ren inguruan), eta uste dut nahiko zaila litzatekeela aurkitzea tamaina horretako polemikarik kontsumo-literaturatzat hartzen den obra baten gainean (polemika honek seguruenik azterketa sakonagoa beharko luke baina adibide gisa ez zait iruditzen hain txarra). Hau da, idazleek osatzen duten bunkerrean destainaz begiratzen dute kontsumo-literatura, baina idazleen bunkerra akaso gutxiengoa da, eta oro har, euskal literatur sisteman (eta areago, euskal gizartean) kontsumo literatura onartuago dago. Agian oker nabil baina uste hori daukat; ez dakit zer pentsatzen duzuen hor izkutatuta zabiltzaten irakurle ilustreok.

    Gai hau apur bat ukitu zen Volgako Batelarien artikulu batean eta bere erantzunetan, agian interesgarria iruditzen zaizu: http://eibar.org/blogak/volga/archive/2005/05/05/33/

  • oolaaa..
    bueno ami no esk me aiga gustado mucho el libro xk era un poco, bastante de misterio.
    Pero no estaba mal.
    algunas cosas las podriamos kitar pero da lo mismo…
    wai waii!!
    bss

  • no me gusto tu libro y nunca me gustara por k es muy largo y yo solo me lei hasta la pagina 10 por que luego me dormi

  • kaixooo!!!

  • dennis putakume alakoa


Leave a Reply