Otsaila 14, 2008...12:35 pm

Hitz egiteko modu bat / Una forma de parlar (reprise)

Jump to Comments

       Inaxiok aipatzen zuen poema honek baduela “Tercer Milenio” kutsurik, baina esango nuke, batez ere, poema ironikoki ulertu daitekeela (nahiz eta idazle batek behin aipatu zidan, arrazoi osoz, idazle ironikoek ez luketela sekula euren testuak ironikoak direnik onartu behar). XX. mendeko literaturaren zati handi bat bizitza eta mundu garaikidearen absurduaz eta miseriaz dihardu (Kafka, Beckett, Céline, Carver…), eta aldi berean, subjektu moderno-postmodernoak pairatzen duen ezinegona aditzera ematen du. Literaturatik haratago, uste dut gure mendebaldeko mundu honetan bizi den edonork sentitu duela noiz edo noiz sentipen existentzial berezi hori (baldin eta Cortázar gehiegi irakurri ez baldin badu behinzat). Ideia hauek buruan nituela idatzitako poema duzue honako hau, bada. 

       Baina poema hau itzulpen arazoei buruz hitz egiteko baliatuko dut batik bat. Ikusi ahal izan duzuen modura, poemaren katalanerako itzulpena osatu zuen Andreu Gabrielek. Euskaratik gaztelerara itzuli nuen nik, beste lau poemekin batera, eta gero berak gazteleratik katalanera; azkenik, nik errebisatu nituen bere testuak (katalana irakurtzeko gai naiz baina ez idazteko). Itzulpenean eduki genuen arazo nagusia azkeneko lerroa izan zen. Euskaraz “Hil ondoren horrela ibili beharra ere” jarri nuen zeinak katalanez ez dauka itzulpen literal zehatzik. Gehien gerturatuko litzatekeena “Desprès de morir veure´s així” litzateke agian. Uste dut, ordea, nahiko nabarmena dela esaldi hori baldar samarra geratzen dela, luzeegia, esplikatiboegia eta abar. Agian jatorrizkoa ere halakoa irudituko zaio inori, baina niretzat euskarazkoak badauka halako jario naturalago bat. Jatorrizkoak, gainera, beste ñabardura itzulezin bat gordetzen du bere baitan. Azkeneko “ere” horrek “halaber” “ere bai” edo “baita ere” konnotatu dezakeela uste baitut, nahiz eta gramatikalki zuzena ez izan. Hau da, “Hil ondoren horrela ibili beharra halaber”. Ñabardura hau, arestian aipatu legez, itzultzeko ia ezinezkoa da, eta beraz, jatorrizkotik ordurako dezente galtzen genuela kontuan izanik (lehen aipatutako “ibili beharra ere” hori gehi “ere”-ren ñabardura), mezu literaletik apur bat aldentzea erabaki genuen sonoritate eta naturaltasunaren mesedetan. Horregatik itzuli zuen azkenean Andreuk “Morir per a  això” horrekin. Literalki ez da “Hil ondoren horrela ibili beharra ere”-ren baliokidea, baina bai uste dut mezuaren izpiritua gordetzen duela nolabait, eta beste alternatiba baino askoz ere natural eta egokiagoa dela.  

       Suizidio kontuetaz ari garela, pasa den aste bukaeran “El Desencanto” filma berrikustea egokitu zait enegarrenez. Ikusi ez duenarentzat, film hau Panero familiari buruzko dokumentala da, 1976. urtekoa. Bertan, momentu batean, Leopoldo María Panero poetak bere suizidio saioetako bat kontatzen du: pentsio batean ostatu hartua zegoen, barbiturikoak ohean prest, emakume andaluz bat sartu zenean bere gelan “¿Pero es que va a hacer usted lo mismo que Marilyn Monroe? esanez. Horrek salbatu zuen, antza, heriotzatik.  

       Hala, pentsatu dut agian Maritlynek sinatuko lukeela “Hil ondoren horrela ibili beharra ere” hori. Beste hainbatek bezalaxe, bestalde.

Leave a Reply