Patxi Baztarrikaren artikuluak hautsak harrotu ditu Egunkaria eta Berriaren inguruan. Baztarrikaren kritiketako bat izan da Berria ez dela “euskaldun guztion” egunkaria (batez ere ETArekin akritiko bide delako). Erantzun gehienak ildo beretik joan dira: baietz, Berria euskaldun guztion egunkaria dela, edo behinik behin, komunikabide pluralena izan badela. Nire galdera, ordea, hau da: zer arraiogatik izan behar du ba Euskaldunon Egunkariak edo Berriak ”euskaldun guztion egunkaria”?
Kasu honetan berriz ere azaldu dira euskal munduan txertaturik ditugun hamaika konplexu. Beste inon eskatzen ez dena ametsezko euskal mundu arkadikoari eskatzen diogu. Imajinatzen al du inork estatubatuar bat kexuka Washington Post-a ez delako estatubatuar ororen egunkaria? espainiar bat El País ez dela espainiar guztiena? frantsesa Le Figaro ez delako frantses ororena? Baina, jakina, gu hemen jarraitzen dugu euskal mundu gajoaren inguruko betiko topikoekin: euskal frontea, euskaldun guztion batasuna, zazpiak bat, denak anaiak gara eta ez dakit zenbat inozokeria gehiago. Harrigarri samarra da, baina garbi dago zenbaitzuk zoratzen bizi direla euskal munduaren egoera anormal honetan, halako xarma bat baduelako, oraindik posible delako denak kabituko ginatekeen utopia batekin amets egitea. Bada, nire partetik argi daukat utopia horretatik zenbat eta urrunen egon orduan eta hobe. Gainontzeko euskaldun guztiekin egunkari bat konpartitzen badut ez dut deus izango ospatzeko, kontrakoa baizik. Baiki, seinale txarra izan zen Egunkaria itxi zutenean euskaltzale guztiak batu behar izana, ni ere, Baztarrika bezalaxe, ez nintzen erabat eroso sentitu orduan (nola bestela?), eta espero dut berriro gertatu behar ez izatea, nahiz eta gauzak nola dauden ikusita ez naizen oso baikorra puntu honetan. Nik nire lagunekin bildu nahi dut, bizitza eta mundua nire antzera sentitzen dutenekin, ez euskaldunekin. Ez dut inolako interesik euskaldun gehienekin ezer konpartitzeko, gehienez ere traputxo ziztrin bat eta ereserkia tontoren bat aspergarriak jartzen baldin badira, baina inolaz ere komunikabide bat.
Nik nahi dudan komunikabidea, iturria ondo egiaztatzen duten kazetariek idatzia da, kulturari eta arteari tarte handia ematen diona (eta ez “Plaza” arraro horrekin), kritikoa onartutzat ematen diren ideiekin eta errotikoki kritikoa egungo gizartearekin (bai, bai, euskal gizartea ere horren parte da, batzuentzat gezurra dirudien arren), ahal dela, lerro editorial ez-abertzale post-marxista libertarioarekin (to!) (bide batez aprobetxatzen dut esateko ados nagoela Bernardo Atxagari irakurri izan diodanarekin: ez dut ulertzen zergatik ez duen Berriak editorialik). Egunkari hori euskaraz idatzia badago primeran, baina ez baldin badago ez izan dudarik gazteleraz edo ingelesez bilatuko dudala.
Harritzekoa da halakorik esan behar izatea, baina badaezpada ere: Berria izango da, eta izan behar da, beren zuzendaritza eta langileek erabakitzen dutena. Nola bestela? Komunikabide publikoa balitz sikiera, akaso exijitzen ahal genion pluraltasun apur bat, disimulua; baina gainontzean, Berria izan dadila eurek nahi dutena. Gustatzen ez zaionak utz diezaiola erosteari eta kitto (edo saiatu Vocento, Prisa, artzapezpikuen konferentzia, Gara edo dena delakoa konbentzitzen euskara hutsezko egunkari bat atera dezaten), munduko leku normal guztietan gertatzen den bezalaxe. Kokoteraino nago euskaldunen tendentzia erdi-masoka erdi-karitatiboekin, beti militantzia zorigaiztoko horrekin, auzoari eta norberari zeinen sakrifikatua den erakutsi beharrean, euskalgintzan lanak hartuta: euskal literatura txarra da baina euskal liburuak irakurtzen ditut bestela ezingo liratekeelako argitaratu, Berria ez zait gustatzen baina erosi egiten dut bestela desagertuko litzatekeelako, euskal taldeen diskoak ez ditut pirateatzen euskal eszena ez zapuzteko…
Euskaldun katoliko errukigarriok, egin fabore bat, ez arduratu hainbeste hurkoaz, atseden hartu, ahaztu itzazue euskal guztiak eta egin gogoak ematen dizuena! (zuen hobe beharrez ari naiz ni ere); ea horrela behingoz euskal kultura popatik hartzera joaten den benetan eta bake pixka bat hartzen dugun guztiok.
10 Iruzkin
Otsaila 27, 2008 at 1:41 pm
Zentzuzko gauza bakarrenetakoa bota duzu eztabaida honetan, Beñat. Zurekin bat nator, euskaldun bezala. Gauden denok anaaai (edo arreba, edo ahizpa, edo neba, edo iloba, edo biloba)…
Otsaila 27, 2008 at 3:41 pm
Behingoz! Benetako zerbait. Danke, Beñat.
Otsaila 27, 2008 at 4:48 pm
erabat ados!!
Otsaila 27, 2008 at 7:01 pm
Zure testua irakurtzen ari nintzen bitartean barru-barrutik etorri zait “arnas pixka bat, azkenean!!!” garrasi egiteko gogoa.
Oso identifikatua sentitu naiz
Otsaila 28, 2008 at 11:28 am
Egia esan ez diot arreta handirik jarri polemika honi. Zeregin kosmopolitagoetan nenbilen (barkatuko didazu zure bloga erabiltzea hain lotsa gutxirekin nire bizitza kontatzeko): Irlandan gaelikoz argitaratzen den egunkari bakarra desagertzeko zorian da, eta Interneten sinadura bilketa hasi dute. Nik sinatu dut, noski, euskaltzale, gaeltzale (?) eta mundu mundialeko hizkuntza gutxiagotu eta indigena guztien aldeko naizen aldetik (nahiz eta jakin sinadura honek ezertarako ez duela balioko).
Sinatzaileen zerrenda begiratzen hasi eta, hara sorpresa!: milaka sinatzaile euskaldunak dira! Esango nuke gehiago direla sinatzaile euskaldunak irlandarrak baino. Jada ez dugu nahikoa gure hizkuntza salbatzearekin, atzerrikoak ere salbatu nahian gabiltza.
Otsaila 28, 2008 at 2:56 pm
Gogoeta interesgarria. Benetan. Ulertzen ditut hemen zuk aipatutako sentimenduetako asko, baina uste dut abiapuntu okerra duzula: ez dut uste amets arkadiko batengatik izan nahi zuenik/duenik Euskaldunon Egunkariak/Berriak euskaldun guztiona. Beste aukerarik ez zuelako baizik. Hau da, euskararen egoera ikusita, egunkari bideragarri bat egin ahal izateko, ahalik eta euskaldun gehien bildu behar zuelako/duelako. Beste kontu bat da ahalegin hori benetan egiten ari diren ala ez, edo egitekotan, emaitza nolakoa den… Ni, behintzat, pozik samar nago emaitzarekin. Eta Euskaldunon Egunkaria euskaldunon egunkaria zela pentsatzeko bezain inozoa ez naiz -hizkuntz komunitate oso bat, 700.000 lagun inguru, pozik uzteko gai den egunkari-sortzailea, txapeldun!-. Futbolzalea, xakezalea, literaturzalea, gastronomiazalea, ekonomiazalea, ultrakontserbadorea, sozialdemokrata, anarkista, independentista, Espainiazalea… denak batera pozik uztea, hori balentria! Euskararen egoerak ekarri digu euskarazko egunkari bakarra izatea. Zoritxarrez. Euskararen egoerak berak ekarri dizkigu zuk aipatutako konplexuak. Ez Espainian espainierak, ez Frantzian frantsesak, ez AEBetan ingelesak… ez dute antzeko egoera. Ez dezagun hori dena ahaztu… Ondo izan!
Otsaila 29, 2008 at 6:51 pm
Hara, beste enfant terrible bat. Hoa antzarak ferratzera Muñoz, Olasagarre, Zaldua, Apaolaza eta halakoekin! Egunkaria aurrera!
Martxoa 1, 2008 at 12:14 pm
euskal masokon gustuko beste flajelazio ariketa bat hautsak harrotu dituen adierazpen-artikulu baten gainean hauts eta porlan gehiago botatzea izaten da (ad infinitum); “Erantzun gehienak ildo beretik joan dira: baietz, Berria euskaldun guztion egunkaria dela, edo behinik behin, komunikabide pluralena izan badela” etab…
Eta guzti horren aurka, hau bezalako adierazpen-artikuluak idazten dira. Baina tamalez, gutxitan hau bezala. Oso ona, Beñat!
p.d. enfant terriblea ez omen da nahi duena izaten, ahal duena baizik… En fin…
Martxoa 2, 2008 at 10:58 pm
tonua, chapeau.
Le figaro eta El pais-ekin egiten dituzun konparazioak, ….!?¿
euskarazko egunkari bakarra existitzen da.
halare igual bertako langileen edo zuzendariaren asmoa da ahalik eta euskaldun gehienetara heltzea; hau da Diario Vasco irakurtzen duten euskaldunengana baita ( eta or ETArekiko akritikotasuna konpartitzen ez dutela, besteak beste…)
edo akaso langile edo zuzendariarena baino, atzetik subentzionatzen duten instituzio publikoak daude nahi horren atzetik.
akaso zuk baina arrazoi gehiago leudeke denontzako egunkari bat egiteko saiakera horretan.
akaso utopikoegia.
Euskeraz irakurtzeko aukera ugari eduki nahiko nituzke.
Martxoa 18, 2008 at 12:53 am
“euskal taldeen diskoak ez ditut pirateatzen euskal eszena ez zapuzteko…”
Pirateatzeak ez du sekula euskal eszena zapuztuko. Egun, behintzat. Argitaratzaileena ekonomikoki, akaso. Baina eszena bai zapuzten dela, aldiro, hainbatek esaten dutenean Euskal Herriko musikaren maila baxua dela. Eszena bera, jarraitzen ez dutenean. Sasi-… ugari ditugu, tamalez, gure arteko pluraltasunean. Beraz, kokoteraino egoteko motiborik ez zaigu falta.