Apirila 15, 2008...9:58 am

2-3 zonakako defentsa

Jump to Comments

       Aspaldian esan zidan blog honen irakurle batek ea noiz idazten nuen zer edo zer saskibaloiari buruz, aspertuta zegoela hainbeste literaturarekin. Berandu bada ere, hona hemen bere eskakizunari erantzuna-edo.

       Asteburu honetan bi saskibaloi partida ikusi ditut telebistaz; larunbatean Baskonia-Barça eta igandean Joventut-Girona (ULEB kopako finala). Bi partidak elkarrekiko aski ezberdinak izan dira, baina izan dute puntu komun bat behinik behin: 2-3 zonakako defentsaren garrantzia partiduaren bilakaeran. Ez da saskibaloian jakituna izan behar Barçaren garaipenaren klabeetako bat bere 2-3 zonakako defentsa izan zela, zeinari Baskoniak ez baitzion erantzun egokirik eman. Beste partidan ere, Joventuten hasiera kaskarra ondoren, bere 2-3ko defentsak ere zerikusia handia izan zuen markagailuari buelta emateko (ez beste partidan lakoa baina tira).

       Kontua da 2-3ko defentsa, eta oro har zonakako defentsa, eskolarteko mailan eta “formakuntza” mailako kategorietan (18 urte bitartekoak) nahiko desprestigiatua dagoela. Zonakako defentsa ez ei da formakuntzarako tresna egokia, nola edo ahala garaipena lortzearekin identifikatzen da, futboleko catenaccio famatuarekin konparatzen da etab. Eta tira, 1-3-1 gisako zonakakoa, arrisku handiagokoa eta erasokorragoa ei denez, ez dago hain gaizki ikusia, baina 2-3koa! 2-3ko batekin, teorian, saskipea gehiago babesten da eta urrutiko jaurtiketak egitea baimendu, eta horregatik, gazteek oraindik ez dituztenez portzentaia onegiak izaten kanpoko jaurtiketetan, errentagarria izan ohi da gisa honetako zonakakoak erabiltzea partidak irabazteko. Horregatik, argudiatu ohi da, mailaz igo ahala 2-3 zonakakoarekin geroz eta abantaila gutxiago lortzen da kanpoko jaurtiketa gehiago saskiratzen direlako. Hau dela eta egoten da gaizki ikusia formakuntzan 2-3ko zonakakoa erabiltzea; momenturako, partidak eta agian txapelketak irabazteko balio dezake, baina luzera begira ez da erabilgarria goi-mailan jaurtiketa portzentaia handiak izaten direlako eta, ondorioz, defentsa mota hau eraginkorra ez delako.

       Arestian aipatu guztia, ordea, mito bat da neurri handi batean. Horren froga da asteburu honetako bi partida horiek, non goi-goi mailako saskibaloi talde bik 2-3koa erasotzen asmatu ezin ibili zirela ikusi baitzen. Egia esan, iruditzen zait aurten ACBn 2-3koa inoiz baino gehiago erabiltzen ari direla taldeek; Baskoniari berari ikusi izan diot behin baino gehiagotan eta emaitza aski onarekin. Izan ere, 2-3koa ez da derrigorrez defentsa mota kontserbadorea, berau egiteko modu asko daude. Seguruenik Joventut da ACBn defentsa erasokorrena gauzatzen duen taldea, eta 2-3a egiten duenean ere arrisku nabariak hartu izan ohi ditu. Beheko hiruko lerroa normala baino pare bat metro gorago jarri ohi du Aitok, saskipean beharrean zonaren erdialdean-edo (ia-ia 1-3-1eko defentsan 3ko lerroa jartzen den lekuan), eta ondorioz, biko lerroa ere gorago ezarri ohi da. Biko lerro horretan Ricky Rubio jartzen denean, adibidez, ez da batere erosoa aurkarientzat perimetrotik baloia mugitzea (teorian 2-3koan erraza da “kanpotik” baloia mugitzea goian 2 defentsa egoten direlako bakarrik) bere beso luzeak eta baloi-lapurretetarako sena medio. Joventutek 2-3koa erabiltzen duenean, bada, ez da izaten aurkariaren akatsa itxaroteko. Goi mailan 2-3koa eraginkorra izan dadin ondo pentsatu behar duzu kanpoko jaurtiketak nola estali, osterantzean 3koak jasoko dituzulako bata bestearen atzetik; baina garbi dago hori lortuz gero defentsa aski arriskutsua dela aurkariarentzat.

            Hau guztia esateko ez dela derrigorrez bekatu mortala kadetetan 2-3 zonakoa egitea, ezta gutxiagorik ere.

2 Iruzkin

  • Hala da bai, Juanan. Bazen garaia blog honetan kontu serioez hitz egiteko. Zonakakoen prestigioa aldakorra da, haien eraginkortasuna bezainbeste. Unean unekoa erabakitzen jakin behar du entrenatzaileak, eta erabaki hori zelai gainera egokitzen jakin behar dute jokalariek. Bigarren zati hori da zailena, zuk badakizunez Beñat. Badirudi ordea kadete mailako entrenatzaileei zuzentzen diezula mezua, lehenengo parteari alegia, haiek ere ausar daitezen prestigio gutxiko erabakiak hartzen uneak hala eskatzen duenean. Horretarako adibide garbi eta aktual bi ekarri dizkiguzu. Zonakakoez ari garelarik, haien erabileraz eta izen-onaz, berdin mintza gaitezke literaturaz, bere korronteetaz, baliabideetaz, eta… barkatu, saskibaloiari buruz ari ginen, ezta?

  • Ez, ez ,ez,…Zonarik ez!


Leave a Reply