Maiatza 21, 2008...8:32 am

Kritikariaren klixeak (edo inoiz hutsik egingo ez dizuten esaldiak)

Jump to Comments

 Idazle gazte baten lehen poesia liburua: Bere ahots poetiko propioaren bila dabil oraindik, baina etorkizunean lan ederrak idazteko aukera ikusten zaio.

 

Idazle gazte baten lehen ipuin-liburua: Liburu desiguala, ipuin batzuk ondo lortuak daude, baina beste batzuk ez  dira iristen gutxieneko mailara. Hala ere, etorkizunean kontuan izateko izena. 

 

Idazle gazte baten lehen liburua: Idazle gazte honeketorkizunerako kontuan hartzeko izena.

 

Idazle baten bigarren liburua: Bere estreinako lanean sumatzen zitzaizkion dohainak askoz ere nabariagoak dira hemen. Heldutasun handiagoko obra, promesa izateari utzi eta errealitate bilakatzen ari den idazle batena.

 

Bertsolari baten estreinako lana: Gauza bat bertsolaritza da eta beste bat literatura (ez sartu gure klubean).

 

Emakume idazle baten lana: Intimitatea eta giza erlazioak adierazteko abilezia nabaria antzematen zaio.

 

“Tropela”ko idazle baten lana: Injustizia literario bat gehiago. Berriz ere agerian uzten da  zeinen jaramon gutxi egin zaion idazle bikain honi.

 

Lubaki belaunaldiko idazle baten lan berria: Surrealismoa, ametsa, “ortzemuga tatuatua”…

 

Gustatu ez zaizun liburua: Ez zait iruditu bere lanik onena edo ez dut liburuarekin gehiegi konektatu edo maitasuna, gorrotoa, giza erlazioen muinean dauden sentimentuak zeinari buruz Nietzschek esan zuen…

 

Gustatu zaizun liburua: Zeinen ondo idatzia dagoen, zeinen euskara ederra edo Bajtin, Barthes, Kristeva, Lukács, Han Robert Jauss, fikzio-paktua, polifonia…

 

Susak ateratarako poema liburua: Ondo egituratutako lana.

 

Alberdaniak ateratako liburua: Oso probablea da sariren bat jasotzea hemendik gutxira

 

Elkarrek ateratako liburu berria: Sail berri bat estreinatzen da liburu honekin

 

Koldo Izagirreren liburu berria: Engaiamendu handiko lana, manikeoa edo/eta ez da ezer ulertzen.

 

Bernardo Atxagaren liburu berria (erosketa-zerrenda bilduma): Maisulana.

 

Jokin Muñozen liburu berria: Euskal gatazka

 

Ramon Saizarbitoriaren liburu berria: Nouveau Romanen eragin nabaria, narratzailea

 

Anjel Lertxundiren liburu berria: Etika, ongia-gaizkia.

 

Luistxo Fernandezen liburu berria: Koldo Izagirreren espainolezko liburu hura ekarri dit gogora… edo/eta CodeSyntax GKE

 

Joseba Sarrionandiaren liburu berria: Erbesteko literatura

 

Unai Elorriagaren liburu berria: Sari Nazionala irabazi zuen SP-rako Tranbiarekin

 

Itxaro Bordaren liburu berria: Iparraldea… edo/eta ez da ezer ulertzen.

 

Jon Arretxeren liburu berria: Best-seller moldeko liburu honetan

 

Aingeru Epaltzaren liburu berria: Idazle nafarrak…

 

Joan Mari Irigoienen liburu berria: (ez da kritikarik topatu)

 

Paddy Rekalderen liburu berria: Bukowski, Bilbo.

 

J.M Iturralderen liburu berria: Katu kosmikoa magoa ere bada, bai egia da hori!

 

 

 

 

 

 

9 Iruzkin

  • Liburu baten kritika egin nahi duzula, baina ez dakizula nola? Lasai, klixe batzuk ikasi eta berehala martxan izango zara. Horretarako ezinbesteko gida Beñat Sarasola idazle eta literatur kritikariaren blogean.

  • Karkar… Aizu, Beñat, klixe tipiko-tipiko bat ahaztu diuzu tintontzian:

    -Zure iritzia eman nahi baduzu, ez esan inoiz “nik uste dut”. Beti esan behar da “irakurle honek uste du”. Gainera, iritzia negatiboa bada, hobe duzu profilaktikoa jartzea: “nire uste apalean” (edo bestela, “irakurle honen uste apalean”). Hala ere, uste apalaren kontua apur bat demodé gelditu da, orain gehiago eramaten da “nire uste harroan”.

    muxuak denoi

  • Bertsolariarenean bigarren atala (beno, onartzen zaitugu… dioten horien kritiketan):
    Nabaria da ahozkotasunetik eta bertsoaren teknikatik literaturara egindako ekarpena.

  • Pako Aristiren liburu berria: “Gure gizartearen…”

    Iban Zalduaren liburu berria: “Oraindik nobelarik idatzi ez duen arren…”

  • salonkritik.net/06-07/2008/06/el_critico_como_discjockey_ign.php#more

  • Aizu : zergatik ez duzu erabiltzen ” ez dut ezer ulertzen” ” ez da ezer ulertzen ” lekuan ? Horrela argi eta garbi azalduko zenuke zure ezjakintasuna, politori !!!

  • Basar a sola : Elhimar mithlek abadan faham ualu.

  • Beno, barkamena eskatu behar dizut, gaizki ulertua izan eta muturra berotu zitzaidalako. Magrebeko arabieraz idatzitakoa damu dut orain.


Leave a Reply