Maiatza 27, 2008...10:06 am

Poesia?

Jump to Comments

Euren itsasontzia itsaso zabalean berreraiki
behar duten marinelen gisakoak gara

-Otto Neurath-

 

XXI. mendeko poesia ez da liburuetan argitaratuko,
akabo hitzaurreak, argitalpen berriak, tapa gogorragoak.
Poema argitaratugabeak eta
imajinatu ez direnak izango dira bakarrik,
poesia ez da hilko, ugalduko da etengabe
estoldetako arratoiek lotsa galdu izan balute bezala.
Poesia jalgiko da plazara,
poesiaren iraultza eta poeta zaharren haserrea.
Sarrionandia erbestetik itzuliko da halako batean
eta Moyua Plazako manifara deituko du.
Pott banda elkartuko da berriz, Juaristi eta guzti.
Han egongo dira, halaber,
Savater, Lete, Vargas Llosa, Izagirre, Volgako Batelariak,
Bederatzi Novisimoak, Vladimir Brigadak, Lubaki Banda.
Eta batzuek esango dute,
izpiritualki Ezra hemen dago.
Besteek,
izpiritualki Bukowski hemen dago
izpiritualki Lizardi hemen dago
izpiritualki Unamuno hemen dago.
Unamuno espainolista zen
Bukowski ez da poeta
Ezra faxisten alde jarri zen (eta zer?)
Lizardi? nor da Lizardi?
Istilu literarioa Moyua Plazan:
bultzadak, oihuak, liburuak jaurtika,
Herri eta Harri,
              Paradisu Galdua,
                              Surrealismoaren Manifestua,
sirena hotsak, pelotazoak, zaurituak eta abar.
Baina berdin izango da
XXI. mendeko poesia XX.ekoa baino hobea izango da,
antologiarik gabe, bildumarik gabe
poesiak hautsa galduko du.
Egile eskubideak azkenean eskubide izango dira
eta, behingoz, ez dira beteko.
XXI. mendeko poesia egingo da halabeharrez,
lau egur eta bi iltzerekin
ozeanoaren erdian barku bat egiten den bezala.

 
© Beñat Sarasola

3 Iruzkin

  • poema hau dela eta, Berria egunkarirako eginiko kritikan honakoa idatzi nuen:

    “Sarrionandiaren Liburutegia narrazioaren bariazio poetikoa izan daitekeen Poesia? poeman idazleak mutur joka agertuko dira, XXI.mendeko poesia aitzakiatzat hartuta.”

    Ez dakit Sarrionandiaren narrazio hori irakurria duzun baina egia esan, poema irakurtzerakoan ipuinarekiko ezinbesteko lotura eta oihartzuna sortu zen “irakurle honen baitan”…

    Gainera, ez da kasualitatea izango manifarako deialdia Sarrionandiak egitea, ezta?

    Besterik gabe…

  • Nola gustatzen zaizuen kritikarie (bigarren pertsonan, noski) lotura intertestualak bilatzea zuen irakurleak txundiarazteko…

    P.D: Hau zer da kanpaina bat nire kontra nire poemen originaltasuna ukatzeko?
    P.D (2): Gainera beti esan dut Atxagarekin ados nagoela (faltariamas); plagioaren aldeko militantea sutsua nauzue (militantzia demode dagoen garaiotan, paramasinri)

  • nola gustatzen zaizuen poetei (bigarren pertsonan eta plural hurrunean) galderak erantzutea, galderei erantzun gabe, hots, erretorika poetikoz…

    P.D. zure poemak zintzilikatzen dituzunez, eta zure kritikak ere bai, zure poema liburuaren kritika bat hartu eta poema horretaz esaten zenaren inguruko aipu bat zintzilikatu besterik ez dut egin (hori baino lotura intertestual argiagorik… auto-plagiatuz, noski, hau baita plagioaren hurrengo urratsa, badakizu, literaturaren ikuspegi teleologikoa eta guzti hori…)

    P.D2: Gainera beti esan dut Zalduarekin ados nagoela (faltariaplus); poesiarekiko bere ikuspegia dela eta. Izan ere, guztia ipuin bat den honetan (baita “Postindependentzia” bera ere), zer dira poemak narrazioak baino? Edo poeta baten hitzak erabiliz: “Poema bat ipuin zedarritua da”…

    Beraz, Poesia? poeman bezala, galderak airean jarraitzen du: orijinala? plagioa? auto-plagioa? edo erreferentzia onartzen (Sarrionandia) eta testuan bertan aitortu eta aipatzen den plagio sortzailea (Atxaga´s way, you know)?


Leave a Reply