Donostiara itzuli naiz Bartzelonatik San Juan bezperetarako-eta. Bidaia aprobetxatuz, liburu denda batean sartu naiz euskal literaturako nobedadeei bistazo bat emateko. Izan ere, Berriarako iruzkinak egiterakoan liburu aukeraketak itsu samar egin behar izaten baititut, eta horregatik beti saiatzen naiz Donostiara bueltan liburu-denda batean sartu eta nobedadeak begiratzen. Tom hil da, Abaraska, Infernuko hesteetan begiratzen jardun naiz eta Amaia Iturbideren Labirintoaren orduak eskutan nuela emakume bat sartu da dendan, berrogeita hamarretan egongo dena. Opari bat egitekotan da eta laguntza eskatu dio dendako saltzaileetako bati:
-Hirurogeita bost urteko gizon batentzat euskarazko liburu baten bila nabil. Gustatzen zaio irakurtzea, baina nahigo nuke liburu alaia izatea, ez dadila izan oso tristea, badakizu…
-Euskarazkoak hemen daude –behatzaz seinalatuz eta aleak banan-bana begiratuz-. Egia esan azken aldian gutxi irakurri dut euskaraz… Itzulpena ere izan daiteke, ala hobeto jatorrizkoa euskaraz izatea?
-Bueno, ez dakit… agian hobeto bai jatorriz euskaraz.
Saltzaileak Antzararen bidea hartu du eskutan, “Kritika saria” jartzen duen faja gorria eta guzti. Ni apur bat aldendu naiz Labirintoaren orduakekin, liburuak ondo begiratzen uzteko.
-Ba honi saria eman diote duela gutxi, esaten dute ona dela; ea, begiratu nahi baduzu atzeko partean zer jartzen duen.
Emakumeak liburukotea hartu eta atzeko hitzak irakurtzen ditu. Nik, bitartean, pentsatzen dut emakumeak liburu alai bat nahi zuela aipatu duela. Emakumea ez dirudi oso konbentzitua liburuarekin.
-Itxoin momentu batean, nire lankideari esango diot, berak hobeto lagunduko dizu-eta.
Emakumeak Antzararen bidea utzi eta beste liburu batzuei begira hasten da.
-Kaixo, zu al zara liburu baten bila dabilena?
-Bai. Begira, hirurogeita bost urteko gizon batentzat, irakurzalea da bera. Nahiago nuke liburu alai samar bat, tragediarik gabekoa ahal dela.
-Ba ez dakit… ea ba. Liburu hau –Antzararaen bidea seinalatuz- ondo jarri dute, baina tira, lodi samarra da…
-Bai, eta gainera ikusi dut atzealdeko testua eta…
-Bada bestela… ez dakit. Nik azken aldian irakurri ditut Karmele Jaiorena, Uxue Alberdirena, Garazi Goiarena, eta baita beste hau ere (Jon Martinen Ero), eta ondo daude, baina noski, ez dakit egokiak izango ote diren beretzat, zaila da horrelakotan asmatzea.
Emakumeak Khaled Hosseini-ren Kometa ehiztaria hartzen du eskutan, liburuaren azal ikusgarriak bultzatuta, antza. Buelta eman eta atzekoa irakurtzen du.
-Hori liburu berria da, itzulpena. Gazteleraz oso ondo funtzionatu zuen, Cometas en el cielo, eta euskaraz ere ederki saltzen ari da.
-Bai, hau niretzat hartuko nuke baina beretzat… ez dakit.
Txalapartako bi liburutan jarri dute orain beren arreta. Emakumeak Abaraska hartu du eta saltzaileak Terra Sigillata.
-Hara, honek ez du ematen gaizki dagoenik –dio emakumeak
-Bestela, hau geratzen den azkeneko alea da, nik ez dut irakurri baina esaten dutenez ondo dago, erraz irakurtzekoa-eta.
Amaia Iturbideren liburuari jada buelta gehiegi eman diodalako sentipena sartu zait bat-batean, eta pentsatu dut susmagarria dela euskal literaturako sekzioan hainbeste denbora ematea, areago poesia liburu batekin. Alde egitea erabaki dut, bestela agian pentsatzen hasiko dira kuxkuxean nabilela, beren hizketa entzuten. Gainera, iruditu zait istorioaren amaiera ezagutzen nuela, bertan geratu beharrik gabe ere. Dendatik irten naiz, eguraldi ederra hondartzarako.
2 Iruzkin
Uztaila 10, 2008 at 11:19 am
Gasteizko liburu-denda batean
Azken bi asteetan hainbat liburu-dendetan ibili naiz sarean iragarri bai baina oraindik liburu-dendetara iritsi ez den liburu baten peskizan. Egia esan, liburu horrekin joera fetitxistak ditudala esan nezake: nik Bartzelonan irakurri nuen Azpeitiko liburutegitik hartuta baina inoiz ezin izan dut alerik erosi izan deskatalogatua zegoelako. Beraz, partxe bat begian jarri eta batere damutu gabe liburu osoa akribillatu nuen, fotokopiatu nahi bada, eta gogoan dut gainera garai hartan liburu osoa fotokopiatzeagatik azala koloretan egiten zizutela, azken hau dohan, opari gisa. Bestalde, gero fotokopiatu eta enkuadernatutako liburu hori bera eman nion bein idazleari sinatu ziezadan (ikustazuen fetitxismoak ez duela ez muga ez lotsarik). Total, liburu hori berrargitaratu behar dutela, edo dutela jadanik…
Eta atzo, hain zuen, Casa del Librora sartu nintzela. Aurretik Jakintza eta Elkarretik pasa nintzen baina alferrik. Eta jakin banekin Casa del Libron ere ez zela egongo (baina burugogorra izateak holako kontuak ditu).
Nirekin batera beste balizko erosle bat bakarrik zegoen dendan. Eta bat-batean, beste bost gizonezko sartu ziren. Guztiak 40etatik gorakoak. Bi sarrera pareko stande-ean gelditu ziren , beste hiruek aurrera egin zuten, betaurrekoduan erdian zela.
Liburu bat eskuetan nuela euskal literaturako stand-aren bestaldetik betaurrekodun gizonak beste liburu bat hartu eta irriparre bat egin zidan; “Kaixo irakurle!”, esanaz bezala. Eta kontua da betaurrekodun tipoa nik nonbait ikusia nuela, telebistan edo… eta berehala lotu nituela irudia eta aurpegia, eta aurrean nuen tipo hori Javier Balza, Eusko Jaurlaritzako barne kontseilaria zela. Eta bere lau lagunak, bere beste lau itzalak izango zirela…
Hortik aurrera, erabat “neska zahartu” nintzen… Ez zitzaidan axola eskuan nuen liburua, ez eta bila etorri nintzena ere… Handik aurrera besteen urratsak neurtzen ibili nintzen, agian beste batzuk nireak neurtzen ari ziren bezala… eta konturatu nintzen itzaletako bat, edo oso irakurlea zela edota ordu luzeei nolabait aurre egin behar eta egunkariak goitik behera irakurtzen dituen horietakoa zela: lehenik Anna Gavalda aipatu zion, “oso-oso irakurria omen da eta Babelian agertu zela”… Jarraian “(…)Premio Príncipe de Asturias y por ello están sacando todo…” entzun nuen eta ezin begiak kendu tipoak eskuan zituen bi liburuetatik…
Baina behin hona helduta, ospa egitea erabaki nuen… Egia da Eusko Jaurlaritzako barne kontseilariak zein bi liburu erosi behar zituen jakitea nahi nuela (ez galdetu zergatik, metroan edo trenean ondokoa irakurtzen ari den liburua zein den jakitea nahi izaten dugun bezala…) baina beste alde batetik, liburu baten bila etorri eta literatura eta gatazka eta itzalak eta Babelia eta tipoaren irrifarrea “Kaixo irakurle!” esanaz bezala…
gehiegi, atzo bezala arratsalde eguzkitsu eta sargori baterako…
Uztaila 10, 2008 at 11:22 am
barkatu luzeegi aritu banaiz, baina liburu-dendetako azterketa soziologiko-literario zehatz eta sakon baten alde izan da guztia…