Urtero bezala, Donostiako Jazzaldiko zenbait kontzertutan ibili naiz. Aurtengo izarra Lou Reed izan behar zuen, Berlin diskoan oinarritutako emanaldia ematekoa baitzen hondartzan. Azken orduan, baina, bira bertan behera utzi eta ez da Donostian izan. Donostiako Vip-ak nahiko suminduta zebiltzan baina nik, egia esan, pozarren hartu nuen albistea. Ez zegoen duela pare bat urte Bob Dylanekin “Bakearen Kontzertua” delakoan montatu zen ikuskizun penagarria errepikatzeko inolako premiarik (amaierako su artifizialak ikusi nituenean jabetu nintzen estreinakoz su etenaren porrotaz).
Doan direnetatik aparte, Keith Jarrett, Dianne Reeves eta Return to Forever ikusi ditut aurten, eta Ahmad Jamal, eta batez ere, Anthony Braxton ikusteko gogoekin geratu. Keith Jarrett da bizi diren jazz musikarietatik gehien miresten dudana; inork irla batera zein disko eramango nukeen galdetuko balit, seguruenik Sun Bear Concerts eramango nukeela erantzungo nioke. Bere bakarkako-inprobisaziozko disko horiek (The Köln Concert famatutik La Scala-raino, arestian aipatutako diskotik pasata) musikagintzako emaitza gorenetakoak direla uste dut. Oraingoan hirukotean zetorren Jarrett, bere betiko kideekin: Jack Dejohnette baterian eta Gary Peacock kontrabaxuan. Laugarren aldia zen Jarrett ikusten nuela; behin bakarka ikusi nuen, baina ez Solo Concert inprobisaziozko formatuan, A melody at night, with you diskoa jotzen baizik, hots, jazz standardak eta baita pop abestiren baten moldaketen errepertorioarekin. Beste bitan hiruko formatuan ikusia nuen halaber. Kontzertu honek polemikatxoa sortu zuen, batez ere El País-en agertutako kronika-kritika inzendiario baten harira. Nire aldetik, uste dut Ricardo Aldarondok El Diario Vascon eginiko kritikarekin bat egiten dudala (ez dut sarean topatu) gehiago, batez ere bakarka inprobisatzen ikusteko desirarekin (nahiz eta ia ezinezkoa dela ohartu, oker ez banago, aspaldi da formatu horretako kontzertuak ematen ez dituela).
Iazko sorpresa, niretzat, Van der Graaf Generator izan bazen, aurtengoa, Dianne Reeves izan da. Gogo gutxirekin joan nintzen bere kontzertura, ez bainaiz jazz kantarien oso zalea, baina kontzertu bikaina eskaini zuen Reevesek Bobby McFerrin-en sorpresazko presentziarekin eta guzti.
Return to Forever-i dagokionez, nire jazz-rockarekiko zaletasun eza berresteko balio izan zidan. Maila horretako musikarien kontzertu bat ez bazaizu gustatzen, pentsatzekoa da arazoa zuk duzula, eta kasu honetan, behin betiko konbentziarazi zidan jazz-rocka ez dagoela niretzat egina (bideojokoetako musika gogorarazten dit). Edonola ere, kontzertuak merezi izan zuen Stanley Clarke baxua jotzen ikusteko. Diskoetatik ezagun nuen, baina zuzenean ikustea beste kontu bat da. Mundu honetako gizakiak hiru multzotan sailka litezke: baxua jotzen ez dakitenak, baxua jotzen dakitenak eta Stanley Clarke.
P.D: Atzo iluntzean El Chofre tabernan nor aurkituko eta Kings of Convenience-eko kantaria, Erlend Øye.