Iraila honetan urtebete betetzen da Berria egunkarian literatur kritika edo iruzkinak egiten hasi nintzela (abuztuko oporraldia kenduta). Hasiberriaren zalantza ez gutxirekin hasi eta hor ibili naiz hamabostean behin egokitzen zitzaizkidan liburuei buruz zer edo zer interesgarri esaten saiatzen. Kritika egiteak ematen du halako bertigo bat hasieran: jendeak eta, bereziki, idazleak nola hartuko ote duen, argitaletxeak haserretu eta liburuak bidaltzeari utziko ote dioten, lagunek igandean biharamunarekin egunkaria hartu eta “zer ostia idatzi duk hemen!” esango ote duten… Kritikariaren lana ez dirudiela modurik onena bizitza soziala hobetzeko.
Edonola ere, ezin dut ezkutatu urte honetan nire kritikak direla-eta jaso ditudan komentarioek harritu nautela. Gustatu ez zitzaidan liburu baten kritikaren ondotik egurra emango ote zidaten beldur eta bai zera, gehienetan, liburuak ongi jarri ditudanean etorri zaizkit purrustadak. “Pasa egin haiz!” edo “nola gustatu zaik zabor hori!” edo “ez duk hainbesterako” edo “hau baldin baduk egungo euskal literaturan merezi duena…” eta abar. Guztietatik, komentario gehien Jokin Muñozen Antzararen bidearen harira jaso ditut. Nobela ederra zela sinetsita, kritika aski ona burutu nuen, sutsuegia askorentzat. Zenbaitek liburuaren ahulgune batzuk seinalatu zizkidaten, erdipurdiko nobela dela argudiatuz, beste zenbait desados daude iruzkinaren azken partean jartzen nuenarekin, alegia, Muñozi orain arteko bidea agortzen ari ote zaion horrekin. Liburuaren kritiko batzuk nobelaren manikeismoa aipatzen zidaten, batez ere ezker abertzaleko jendea erretratatzeko moduari zegokionean. Aitor dut niri ere kontu bera pasa zitzaidala burutik nobela irakurri bitartean behin baino gehiagotan, baina azkenean ez nuen deus jarri iruzkinean. Duela egun batzuk, zalantza honi helduz, berriz irakurri ditut nobelako zenbait pasarte, kasu honetan Lisa Ikatz edo Juan de Bilbao kalean sartzen denekoa, nire oroimenean pasarte hori behartuegitzat nuelako. Sorpresa hartu nuen, ordea. Pasarteko gauzarik sinesgaitzena taberna batean Peter Tosh-en musika entzuten delakoa iruditu zitzaidan, gainontzean, ez dut uste (nire oroimenaren kontra) hor (eta nobelan, oro har) ezker abertzalea itxuragabeki erridikulizaturik geratzen denik. Oraindik ez dut egiaztatu, baina inpresioa dut liburuaren alderdi manikeoarena Dioniren eta anarkisten erretratua dela, eta izatekotan, honenbestez, zeharka, konparazioz, ezker abertzalearena. Bidenabar, ados nago beste lagun batek esandakoarekin, gerra aurreko anarkisten eta ezker abertzalearen arteko paralelismo hori ere nahiko ahula da. Iruzkinaren azken partean jartzen nuenari dagokionez, berdina pentsatzen jarraitzen dut, hots, Muñozen ibilbide literarioaren momentu honetan bere burua errepikatzeko arriskuan dagoela; baina tira, denborak esango du hori benetan horrela denentz. Nolanahi den, arestian aipatu kontutxo horiek landa, pasa den abenduan idatzitako iruzkinarekin bat egiten jarraitzen dut; ez dut uste XXI. mendeko lehenengo hamarkada honetan euskal literaturan Antzararen bidearen mailako nobela gehiegi argitaratu denik.
Aitzitik, lehenago aipatu legez, liburu bat gaizki jarri ondoren jaso ditudan kritikak bakanak izan dira. Eta ez hori bakarrik, kasu batean, liburua gaizki jarri eta autorearekin topo egindakoan honek zer eta “motz geratu haiz Beñat” ez zidan ba bota, “nire liburu hau putamierda bat duk”.
Beti esan izan da euskal literaturan benetako kritikarik ezin dela egin kritiko, idazle, editore, kazetari eta enparauren gehiengoa elkar ezagutzen dutelako, eta hala, sarritan adiskidetasuna kolokan jartzen delako (eta dakizuenez, ez ei dago adiskidetasuna bezalakorik). Bada, iruzkinak egiten jardun dudan urte bete honek esaten dit euskal literaturak zorrotz eta estuagoa izan nadin eskatzen didala, ez dezadala hainbeste barkatu. Ondo jarri ditudan liburuak ez direla hainbesterako eta liburua gaizki jarri ditudan kritiketan, ostera, motz geratu naizela.
Esan gabe doa kontu hauek guztiak urrian hasiko dugun hurrengo denboraldian present izango ditudala. Izan bedi oro euskal literaturaren mesedetan.
5 Iruzkin
Iraila 22, 2008 at 2:29 pm
Mehatxu bat da bukaerako hori?
Dardarka utzi nauzu.
Iraila 22, 2008 at 3:56 pm
Mehatxu bat?
Dardarka utzi nauzu.
Iraila 22, 2008 at 5:16 pm
oso ona, oso gustura irakurri dut testua baina ezin erantzuna idazteko tentazioari eutsi, eta zoritxarrez, uste dut erantzun ososososo luzea izango dela gaurkoa…
nire bizipenak ere antzekoak izan dira: liburu bat ongi jartzeagatik kritikak jaso ditut, bai, baina ez hainbeste (Xabier Gantzarainek Jon Alonsoren Astrolabioa saiakerarekin pentsatzen nuen guztia idaztera ez ausartzea aurpegiratu zidan, arrazoi osoz agian, baina kritikariak ere badu bere golkorako gauzak gordetzeko eskubidea, ezta?). Bestela, zergatik aipatu hitzez hitz Jokin Muñozen Antzararen bidea liburuaren gaineko auzia eta aldiz, ez duzu esaten bere liburua putamierda bat dela aitortu duen idazlearen izena eta obra? (Galdera erretorikoa da, lasai)
Aldiz, kritika negatiboak egin izan ditudanean (eta ez dira hainbeste ere izan), orduan bai, orduan jendeak “Gogor eman diok!” eta “Horrela bai!” eta horrelakoak esaten zizkidan. Bereziki Fernando Morilloren Suminaren estrategia liburuari eginiko iruzkinarekin gertatu zitzaidan hori. Noski, jakinekoa da kritika negatibo batek beti oihartzun gehiago izaten duela, irakurleok odola nahi dugula (eta bestela gogoratu Jon Martinen Ero liburuarekin hementxe bertan gertaturikoa). Bestalde, gertatu izan zait ustez argi eta garbi idatzi eta argudiatu edo nahiago bada, ustez erabat positiboa zen iruzkina ez hain ongi ulertu izana. Hain zuzen, Pello Lizarralderen Iragaitzaz -Ilunbistaz- nobelarekin gertatu zitzaidan hori; nire ustez ongi jarri nuen (neurrian, hori bai, ez naizelako kritiketan ikaragarri emozionatzen), asko gustatu zitzaidalako eta berak bezala gutxik idazten dutelako, baina nonbait, niri nobela ez gustatu eta ez omen nintzen hori idaztera ausartu edo behintzat inpresio hori atera zuen idazleak nire iruzkinetik.
Hauek dira gutxi gorabehera nik izan ditudan bizipen zuzenenak baina hala ere, eta lubaki hau ez dela hain ankerra diozunean, hainbat zalantza pizten dira nire baitan…
Mahainguru batean “Jasotzen al da kritika iruzkin horien erantzun-ordainik?” galdetu zidatenean, honela erantzuteko beharra izan nuelako, hain zuzen:
“Iruzkin informal gisa, batzuetan bai. Gehienetan, Berrian Zuzendariari izeneko atalean argitaratzen diren idazleen protesta-idazkiak izan ohi dira, ordea. Ayerberen ustez, gurean literatur kritikari aitortzen zaion garrantzi eskasaren adierazgarri da hori, besteak beste. Gainontzean, Beñat Sarasola Berrirako egiten dituen iruzkinak bere blogean jartzen hasi da, eta hor bai, lortu du irakurleen nolabaiteko feed backa izatea.”
Hori da orduan esan nuena, orduan oraindik oso gogoan nuelako, adibidez, Ibon Egañak Bernardo Atxagaren Markak liburuaren gainean idatzitako kritika-iruzkinari erantzunez, idazleak Berriako Zuzendariari atalera bidali zuen gutuna. Koldo Izagirreren Sua nahi Mr. Churchill? liburuaren gainean Maider Ziaurrizen iruzkinak harrotutako hautsa ere gogoan nuen, orduan gutuna Jose Luis Otamendik idatzi zuen…
Eta guzti honetatik irakaspen bat atera dudala uste dut, eta da, kritika negatiboak oso onargarriak eta onuragarriak direla, baina segun eta noren liburuaren gainean egiten diren… Hau da, eta sentitzen dut klasifikapen zehatzetan hasi beharra, baina orain arte esandakoaren errepikapena besterik ez da: Morillo, Martin edo Serrano bezalako idazleen liburuen gainean eginiko kritika negatiboek ez dutela hainbeste hauts harrotuko. Are, jendeak oso gustura hartuko dituela eta egur gehiago eskatuko di/ugula. Aldiz, euskal literaturako kanonaren aldarean daudenei egin kritika negatibo bat, eta auskalo zer gertatzen den: Atxaga eta Izagirre aipatu ditut, baina Sarrionandiaren Akordatzen liburuari berriro ere Egañak eginiko kritikak izan zuen harrera ere aipa ensaquen (oraindik-orain Lander Garrori irakurri diot auzi honen inguruan beste zerbait)…
Eta hau guztia, zertarako? Bada nire lubakia ere oraingoz ez delako hain ankerra izan (kontrakoa esango nuke) eta niri ere egur gehiago banatzeko eskatu didatelako (eksatzea beti libre omen da). Baina sarritan pentsatzen dut idazleren batek nik idatzitako iruzkin bati erantzunez Zuzendariari atalera zerbait idatzi arte, ez naizela kritikaria sentituko…
Iraila 23, 2008 at 12:53 pm
Kontxo, Mike, martxa honetan sekzio bat jarri beharko diat blogean! Mila esker parte hartzeagatik.
Mezu erdi-probokatibo erdi-ironikoa idaztea nuen helburu, eta beraz, arrazoi duzu aipatzen dituzun zenbait konturen inguruan. Egia da duela ez hainbesteko kasu batzuk lubaki hau hain-hain erosoa ere ez dela gogorarazten digutela. Nik gaineratuko nuke: eskerrak!
Liburu bat idazten duzun unetik kritikak jasoko dituzula onartu behar duzun bezalaxe onartu behar du kritikariak erantzunak (eta are, purrustadak) jasoko dituela. Labur esatearren, idazle eta kritikariak egurra jaso dezaten sortuak izan dira.
Egia da idazleak direla, beren hantustearen kariaz, munduan kritikak okerren jasotzen dituzten izakiak, eta honenbestez, nire ustez, kritikariak inoiz ere egin ezin duena zera da: idazlearen jarrera bera hartu. Nolabait esatearren, bere soldataren barne (ja!) dago jasoko dituen erantzun, purrustada, laido eta eraso fisikoak.
Jakina, oso erraza da hori esatea egurra eman diozun idazleak arrazoia eman dizunean…
P.D: Mike, aukera ederra izango duk datozen hilabeteetan, pisu astun batek baino gehiagok (Bernardo Atxaga, Xabier Montoia, Kirmen Uribe, Ramon Saizarbitoria, Jon Alonso, Katixa Agirre) publikatuko duelako zurrumurrua zebilek hortik.
Iraila 23, 2008 at 2:26 pm
ados, baina era berean idazleek ere ez lukete/zenukete/genuke Kritikaren premia aldarrikatu beharko kritikak, bakoitzaren egoan min egin bezain laster kritika horiexek kritikatuz jarraian esateko gure literatur sisteman Kritikarik ez dagoela…
eta ahokorapilo honekin ixiltzen naiz…
esan beharrik ez, baina badaezpada esan, kritikak onartzen direla… eta zuzendariari gutunak era bai (arren!)… eta kalean agurtu gabe bizkarra ematea (jakin gabe, bizkarra emateko lehendabizi eduki egin behar dela)… eta gurekin kotxera igo nahi ez izatea (edo)… eta zaplastekoak, muturrekoak eta are, norbaitekin borrokan lurretik zehar hogei metro (oraintxe goian, oraintxe behean) egitea are gehiago…