Oda nobela baztertuari (edo Erasmus belaunaldiaren zorabioa)

Batzuetan txikikeria handienak pikutara bidaltzen dizu idazten ari zarena edo idaztekotan zarena. Gogoan dut hamasei urterekin-edo nire lehenengo poemak idazten ari nintzela, kausalitatea eta kasualitatearen arteko hitz-jokoan oinarritutako poema bat osatu nuela. Baiki, ez zen sekulako burutazioa, baina iruditzen zitzaidan ez zegoela gaizki; ordukoak, ordea, bizarrismo telebisiboa puri-purian zegoen garaiak ziren, eta halako batean Tamara barakaldotarrari entzun nion esaten “esto ha pasado por casualidad, no por casualidad”, eta gero, ideia azpimarratuz, “Causalidad y no casualidad”. Poema zakarretara bota nuen berehala, jakina.

 

Kontua da oraingoan antzeko zerbait gertatu zaidala, soilik poema bat bota beharrean nobela baten proiektu nahiko garatua bota behar izan dudala.

 

Duela bi urte Bartzelonara etorri nintzenetik beti izan dut hemen kokatutako istorioak idazteko asmoa. Lehenengo urteko ipuin batzuk ditut hor zehar gordeta, gehienek hiri aldaketak eragindako lilura azaltzen dutenak, eta balio gutxikoak iruditzen zaizkidanak. Aurreko azaroan, hau da, duela ia urte bete, Bartzelonan kokatutako nobela bat idazteko proiektua bururatu zitzaidan, eta aurten Joseba Jaka bekak ateratzekoak direnez proiektu egoki bat osatzeko helburua jarri nion neure buruari. Halaxe eman ditut azkeneko hilabeteak, nobela proiektua osatzen.

 

Protagonista pastazko betaurrekoak erabiltzen zituen diseinatzaile grafiko gazte euskalduna (28 urte) zen, Aritz Nagore. Diseinua ikastera Bartzelonara hemezortzi urterekin etorritakoa, kartelak, web orrialdeak, flyerrak eta halakoak diseinatzen ateratzen zuen aurrera egiteko justu-justu ematen zion soldatatxoa. Gracia auzoan bizi zen bere beste bi lagunekin (bata zinema ikasten zuen finlandiar bat, bestea kontserbatorioen saxoa ikasten zuen katalan bat). Ez zuen neskalagun finkorik baina bai pare bat lagun berezi (espero nuen nobelarako espresio egokiagoa aurkitzea). Tira, gisa honetan, Aritzen Bartzelonako hilabete batzuetako bizimodua kontatuko zuen nobelak. Tartean, heriotza misteriotsu bat ere egongo zen, tramari emozio eta suspense apur bat emateko. Estriktoki, ostera, ez zen nobela beltza izango, egungo gazteriaren noraeza existentzial-soziala islatzea helburu zuen nobela baino. Lehenengo kapitulua idatzia nuen eta baita nobelako beste zenbait zati solte ere. Prest nuen, beraz, Joseba Jaka beketan aurkezteko proiektua.

 

Duela egun batzuk, baina, larunbat gau batez, oraindik Donostian nintzela, ezagun bat etorri zitzaidan mozkor samar. Alai zegoela ematen zuen eta zer-moduz hau-ta-bestea galdetu ondoren literaturaz hasi zitzaidan hitz egiten. Horrela esan zidan ez dakit nongo aldizkaritan irakurri zuela nire belaunaldia “erasmus belaunaldia” zela. Belaunaldi berri bat zetorrela euskal literaturan, horietako idazle asko Erasmus delako bekarekin atzerrian egondakoak, eta bizi esperientzia hori asko antzematen dela beren idazkietan; Erasmus bekak euskal literatura trasformatu duela nolabait (“hau esatea piska bat exajeratua izango da, baina bueno” aipatu zidan). Erasmusek Europako ateak ireki dizkiola euskal literaturari, aski osasungarria dela bidaiatzea ikuspegia aberastu eta zabaltzeko, toleranteagoa bihurtzen dela bat, eta abar. Txapa ederra bota zidan. Idazle zerrenda polita omen zegoen artikulu hartan, eta tartean nire izena ere azaltzen omen zen. Azkeneko galdera egin zidanerako banekien nobela hori ez nuela idatziko, alferrik izan zela azken hilabeteetako lan guztia. Ondo pentsatuta, haatik, akaso eskerrak eman behar dizkiot. “Zure burua Erasmus belaunaldian ikusten duzu?” galdetu zidan. “Antes Lubaki que Erasmus” erantzun nion nik petral.

 

6 Iruzkin

Literatura atalean

6 erantzun Oda nobela baztertuari (edo Erasmus belaunaldiaren zorabioa) -ri

  1. Ezezaguna

    Ona! Zuri ez dizu grazi handirik egin izanen baina nik barre batzuk egin ditut. Eutsi… eta ia nobelarena gauzatzen duzun.

  2. Hori zortea zurea, Beñat, “Antes Lubaki que Erasmus” esan ahal izatea! Beste batzuk ez daukagu belaunaldia hautatzerik.

  3. Demokraziaren, askatasunaren eta zuzenbide estatuaren seme-alabak izatearen abantaila izango da hori ere, Juan Luis.

    Bide batez, gaur norbaitek aipatu dit akaso aurten ez direla Joseba Jaka bekak aterako. Kontsolamendu txikia litzateke, baina bada zerbait sikiera.

  4. herr beñat
    gaurkoa kausalitatea, buruan nuen nola jaurti aurpegira potrobarioetara “erasmus belaunaldi” etiketa jartzen digutenei. oraindikan ez dut jaurtigailua asmatu baina dakusat “erasmus belaunaldi” hori literatura jakin bat zartarazteko parapeto estraliterarioa dela. eta kasu askotan agian ¿enbidia? egon liteke atzean? ze agian esan genezake belaunaldi batzuk “errazagoa” izan dutela harri-kasta gutxiago idatzia zegoelako? edo asteasuliteraturak zentzu handiago du kanpoan idazteak baino?
    jaurtigailua prest dudanean botako dut, suzko lilia ere erasmus omen da. badirudi vietnamera garesti ordainduta joatea bai dela cool idazteko, baina dirulaguntzak (erabat barregarri eta sos gutxikoak) emanda ikasketa programako ikasletrukeak egitea (nola massak egiten duen, eta hori gaizki dagoenez, massa elite literarioarentzat) gaizki omen dago.
    erasmus literaturaz dabiltzanei begiratu eskuak, hor igertzen da zahartzaroa, bereziki bihotz erresuminduak sortutako zahartzaroa.

    ur korrontearen belaunaldia eksistitzen da?
    euskalautonomierkidegoarendirulaguntzeiesker administraritzanlaneginetaalboanidatzi dutenena?
    aukera historikoa dela eta batxilerra amaitu eta uniko irakasle izan eta alboan idazle izan direnena?

    molts records
    fins aviat
    força socrates–erasmus

  5. Iban Zaldua

    Belaunaldia, Juanjo Olasagarrek behin bikain esan zuen bezala, ezin da aukeratu, Beñat: sentitzen dut. Beste kontu bat da ea izendapena belaunaldi literario bati deitzeko “geratuko” den . Eta gauza horiek ausaz gertatzen dira, hein handi batean: argi dago (oraingoz) Lubaki Belaunaldia deitu den horretan Lubaki Bandan parte hartu ez zuen jende asko dagoela; baina haietako askok badaukate, kronologikoki eta estilistikoki, lotzen dituen zerbait (eta inoiz aipatu duzun “naïf”erako joera hori, guztiengan modu berean haragitzen ez den arren, izango litzateke amankomuneko ezaugarri horietako bat, adb.). Berdin Tropelekoari buruz ari baldin bagara etab.

    Nik, egia esan, nahiago nuen “Erasmus literatura” izendapena, “Erasmus belaunaldiarena” baino: iruditzen zaidalako pseudoestilo bat dela, oso une konkretu bati lotua eta iraungitze data izango duena, belaunaldi baten ezaugarri orokorra baino. Eta, alde horretatik, iruditzen zait Hedoi Etxarteren poema liburua nekez pareka daitekeela, oso azalean aritzen ez bagara behintzat, “Bat, bi, hiru Manchester”, “Aulki bat elurretan”, “Bi hitz” edo “Burbuilak”-ekin (adibidez). Besteak beste, politikak azken horretan, Etxarterenean, daukan presentziagatik.

    Baina belaunaldi kontua bihurtzen bada, ai, ezingo diozue izendapenari ihes egin. It’s the sign o’the times, Princek liokeen bezala.

    Edonola ere, Beñat (interesatuta bainago): zure ezagun mozkor horrek aipatu zizun aldizkari bateko artikulu hura, zein zen? Ez zen Pako Aristiren aipamen hura izango, abuztuko bere homilietako batean? Aipua osatu ahal bazenu, bibliografia kontuetarako, biziki eskertuko nizuke.

    Ondo izan.

  6. Nere postekin loturak: Irati Jimenezi erantzunez – zuzeu.com

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s