
Gustave Flaubertek inoiz aitortu zuen bere ametsa ezer ezari buruzko liburu bat idaztea zela, kanpoko inongo laguntzarik gabea, subjektu ikusezin bat gordetzen zuena bere baitan. Iragaitzaz –ilunbistan- liburua irakurri bitartean aipu horrekin akordatu eta pentsatu dut akaso Pello Lizarraldek ere zita bat izango duela Flaubertekin.
Lizarralderen aurreko nobela eta ipuin liburuen ildotik, honakoa ere ez da liburu samurra, gutxi du ikusteko literatura denbora-pasa gisa ulertzen duten lanekin. Gehiago da apustu estilistiko muturrekoa, irakurlea esperientzia narratibo berezi eta zorrotz batera eramango duena. Flaubertek nahiko lukeen gisara, liburua ez da oinarritzen inolako trama korapilatsu edo gertakizun ikusgarrietan. Kamioi baten pean azaltzen den kamioizalearen gorpua eta Martinek (Lasterrek) hildakoaren kamioia itzultzeko burutzen duen bidaia; ez hiltzailerik, ez detektiberik, ez traiziorik, ez misteriorik, ez sorpresarik, ez eztandarik. Kamioizaleen bakardadea eta denboraren igarotzea, ez besterik. Liburua erronka narratibo berezi horretan sostengatzen da, ezerezean zintzilik, estilo eta idazketa berari esker. Eta arraroa badirudi ere, hala ere, ez dago manierismorik, ez dago apaingarririk, ez eta lirismo merkerik. Zirujau baten zehaztasun eta hoztasunaz idazten du Lizarraldek, ez darabil soberazko hitzik, erretorikarik.
Narraziogintzan, kritika anglosaxoiak kontatu (tell) eta erakutsiren (show) artean bereizten du. Hala, badira nobelak gauzak kontatu egiten dituztenak, eta beste nobela batzuek ordea, gauzak erakutsi, azaldu egiten dituzte. Bigarren narraziogintza mota honetako maisutzat hartzen dira XX. mendeko narratzaile estatubatuar garrantzitsuenetako batzuk (Ernest Hemingway, John Steinbeck, Raymond Chandler etab.). Bada, inon kokatzekotan, ildo honetan kokatu daiteke Iragaitzaz hau, erakutsi egiten duen narratzeko moduan, alegia. Eta ez nolanahi gainera, izan ere, esango nuke Lizarralderena narraziogintza mota honetako saiakera muturrekoa dela, eta honenbestez, adibide paradigmatikotzat har daitekeela. Euskal literaturan idazle estatubatuar hauen (eta Raymond Carver, noski) zale andana omen dago, baina iruditzen zait inork ez dituela menderatzen teknika eta tradizio hauek Lizarraldek adina.
Honetaz guztiaz ohartzeko adibide bakar bat jartzea aski dela iruditzen zait. Liburu honen irakurleren bati inoiz La Nava herrixkako kaleetatik ibiltzea suertatzen bazaio, ziur naiz “ni hemen izana nago” esango duela bere baitarako.
Beterriko liburua 08/10/10
Harrigarria inolako iritzirik ez aurkitzea liburu honen kritikaren azpian eta besteren batean horrenbeste. Hau al da, bada, gure maila literarioa? Zer eta zenbat irakurtzen dugun seinale? “Iragaitzaz” inork ez du irirtzirik edo ez al du inork irakurri? Nire ustez oso kritika ona eta argigarria egiten diguzuna, Beñat. Ongi ari zara.
Nere postekin loturak: Cormac McCarthyren ‘The road’-i buruz (show, tell & Steinbeck revisited)