
ISTORIO METAKETA
Oraindik publikatu gabe, eta jende guztiak zuen zer esanik Kirmen Uriberen nobelaren inguruan. Seguruenik, zarata sobera alde guztietatik. Azkenik, nobela plazaratu da, eta, behingoz, nobelaren beraren gainean, testuaren gainean, mintza gaitezke osoki.
Eta, hala, ezer baino lehen esan daiteke Uribek apustu literario garbia egin duela, molde narratibo berrietara egokitutako nobela idatziz. Gaur egun, oraindik, XIX. mendeko nobela errealistaren eredua da nagusi, hala nazioarteko nobelagintzan, nola Euskal Herrikoan, eta Uribe eredu horretatik aldentzen ahalegindu da, arrisku literario nabarmenak hartuz. Horretarako, azken urteetan aski ugaritu den molde narratibo bati heldu dio, autofikzioari. Autobiografia eta nobelaren artean, narratzailearen identitatearekin jolas egiten du autofikzioak, kontakizuneko datu ugarik narratzailea autorearekin identifikatzera eramaten gaituztelako, baina beste zenbaitek, aldiz, identifikazio hori ukatzera. Jolas horretan maisu dira, esaterako, Enrique Vila-Matas eta W.G Sebald (bere aipu bat azaltzen da nobelaren atarian), eta honenbestez, esan daiteke Uribe egungo nazioarteko puntako literaturarekin -edo horren zati batekin, bederen- lotzen saiatu dela. Kontua da arriskuz eta anbizioz beteriko egitasmo horrek zer-nolako emaitza ematen duen. Nire ustea da nobela hasi-hasieratik hondoratzen dela, txalupa txiki bat legez, eta irakurlea hor ibiltzen dela alde batetik bestera, olatuen higiduren mende, 233 orrialdeetan zehar.
Kirmen Uribe izeneko narratzaileak Bilbon hegazkina hartzen du New Yorkera joateko, eta hegazkina hartzen duenetik New Yorken lurreratzen den arteko bidaia -Frankfurteko eskala tarteko- da nobelaren istorioa osatzen duena. Istorioa hutsala da, eta, honenbestez, nobelaren muina, istorio horretan bainoago, protagonistak egiten dituen hausnarketa eta digresioetan dago. Hausnarketa horiek bi iturburu nagusi dituzte: batetik, Ondarroako eta bere familiako istorioak daude; bestetik, idatzi nahi duen nobelaren inguruko kontuak.
Istorio ugari kontatzen dira nobela guztian zehar; gehiegi, ene irudirako. Aurelio Arteta pintorea, Ricardo Bastida arkitektoa, Liborio Uribe (aitona) eta Jose Uribe (aita) dira, seguruenik, hausnarketa horietako pertsonaia zentralak, baina istorioak ez dira pertsonaia horietara mugatzen. Gisa guztietako esplikazioak daude gisa guztietako kontuei buruz, eta askotan loturarik ez du batak bestearekin. Kirmen Uribek (autoreak) istorio metaketaz osatu du nobela; istorioak ditu, baina ez da bakoitzarekin, orrialde gutxi batzuetatik landa, kontaketa trinko eta garatu bat osatzeko gauza. Badirudi horregatik kontatu behar dituela horrenbeste istorio; demagun, Arteta eta Bastidarenak -hemen azaltzen den moduan, bederen- ez diolako nobela bat idazteko aski material ematen. Horren guztiaren adibide behinena 22. kapitulua da -Agirreren arrosak-, non, ezustean, Resurreccion Maria Azkue eta Txomin Agirreren anekdota bat kontatzen den, euskal literaturaren inguruko gogoeta labur bat egiteko, inolako justifikazio narratiborik gabe. Hitz bitan esanda, inpresioa dut Uribe oraindik ez dela behar bezalako narratzaile sendoa, baldar dabilela oraindik ere neurri luzeko narrazioetan.
Bestetik, arestian aipatu dut nobela idazteko prozesua kontatzen dela, halaber, kontakizunean bertan. Hala, badirudi idazlea jasotako material eta apunte guztiak ezin lotu ibili dela, eta azkenean, maniobra borgestar hori erabili duela material sakabanatua nola edo ahala biltzeko. Kosta egiten zait pentsatzen keinu metaliterario hori aski denik nobela osoa sostengatzeko.
Berria, 08/12/14
40 Iruzkin
Abendua 15, 2008 at 10:33 am
Nor ausartuko zen hain obra “zabaleko” ukiezin bat ukitzera? Nik ere (eta jende askok ere ziur) zuk bezala pentsatzen dut, baina ea zenbat kritikari ausartzen den zure urratsa ematera.
Zorionak uste duzuna esateagatik!
Abendua 15, 2008 at 1:09 pm
[...] edo iruzkinak utzi ditzakezu komentarioen txokoan.Sautrelan elkarrizketatu dute dagoeneko.Eta Beñat Sarasolak Berrian egindako kritikak polemikarako aukera pizten du.Bertan ikusiko dugu [...]
Abendua 15, 2008 at 1:17 pm
Eztabaidan morboa, espektatibak, hedabideek puztutakoa, inbidiak eta gainerakoak nahasten direnean, eskertzekoa benetan beñaten kritika. Literaturaz, behar den bezala.
Abendua 15, 2008 at 4:58 pm
Eskertzekoa zure elegantzia Beñat. Zaila zen horren kritika neutro egitea hain liburu pattalaren aurrean.
Hau baldin bada euskal literaturaren promesa berria jai dugu. Eta bereziki nazioartean horrela salduko dutelako.
Lotsa emateko modukoa.
Abendua 15, 2008 at 8:21 pm
Oso injustua iruditzen zait kritika hau, eta komentarioak ere bai. Harritzen naiz ez duzulako tutik ere esaten liburu honen samurtasunari buruz, ematen duen bizi-pozari buruz, bere orrialdeetan agertzen diren balore guztiei buruz: elkartasuna, gauza txikien maitasuna, familia. Sentimenduek leku handia daukate Kirmen Uriberen liburu zoragarri honetan, eta uste dut kritikaria ez dela justua gauza horiek ahaztean. Nik bi egunetan irentsi dut, eta hori ez zait pasatzen euskal literaturako liburu gehienekin. Ozpinduta zaudete.
Aupa zu, Kirmen, ederra larunbatean esan zenuen guztia BEC-en!
Abendua 15, 2008 at 8:46 pm
euskal literaturako ze beste liburu irakurri dituzu itsaso?
Abendua 16, 2008 at 8:00 am
Injustua. Ezer onik ez liburuak? Ja, ja. Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik. Itsaso, bat nator zure balorazioekin.
Aupa Kirmen eta segi horrela!!!
Abendua 16, 2008 at 10:30 am
“Segi horrela”? Segi nola?
Liburu bakarra idatzi eta euskal literaturaren balorerik handiena dela sinestaraziz?
Horrela segitu behar du?
Abendua 16, 2008 at 10:44 am
Bai, liburuan saiakera dagoela dio Beñatek, baina liburua gatilazoa baina okerragoa da, aurrez exitazio handia egon da liburua ezagutu baino lehen, gero ordea sekuentzia narratibo hutsala eta txutxumutxuaren mailako 233 orrialde (oso izki handiez idatzita).
Liburuan ez da gogoetarik, ez balio poetikorik, antikritikoa da dena (gerra zibila adibidez), gertaerak zero dira (NY-Bilbao bidaia izenburuan soilik dago), umeek idatzita dirudi (horregatik behinere irakurtzen ez duten askori oso gogokoa egingo zaie liburu hau).
Aupa Kirmen, segi horrela! Nazioarteko proiekzioa izango duen liburu honek leku ederrean utziko ditu kalitatezko euskal idazleak (Cano, Jimenez, Rodriguez, Borda, Izagirre, Saizarbitoria), zeinak ez diren nazioartean ezagun.
Abendua 16, 2008 at 11:46 am
New York ez dut ezagutzen, Kirmenen nobela bai, eta egia esan behar badizuet, nahiago dut karrika mehar bat, jenderik gabeko metropoli hutsal bat baino, ustezko unibertsaltasuna ustela duk eta.
Segi horrela kirmen
Abendua 16, 2008 at 12:18 pm
Beñat izan da “erregea biluzik dago!” esaten lehendabizikoa.
Abendua 16, 2008 at 1:00 pm
ene, ene…
benetan, ikaragarria da “kritika egurkoi” batek (lagun batek sms bidez abixatu zidan igandean Beñatek idatzitakoaren berri, hitz horiexek erabilita, eta lagunak sortutako morboaren ondoren, niri ez zitzaidan hainbesterako iruditu, oso neurtua eta komeditua delako kritika nire iritziz, eta hala hobe) edo nahiago bada, ikustekoa da kritika negatibo batek gurean sortzen duen zalaparta… Oker ez banago, Beñat, lubaki hau ez da horren ankerra baina ados egongo zara nirekin atentzioa deitzeko ez dagoela kritika negatibo bat idaztea bezalakorik (gogoan dut Ero-rekin gertatutakoa)… Nahiz eta noski, atentzioa deitzea ez izan kritikari baten helburua (edo bai?).
Baina kritikarion zilbor-kontu hauek alde batera utzita, ni gehien harritzen nauena jendea horrela jartzea da, horrelakoetan oso muturrera jotzen delako beti: niretzat Beñatek egin duena ez da ez injustoa eta ezta justoa ere, berak bere iritzia eman du kritiko gisa eta niretzat, ongi arrazoituta gainera… Nik oraindik ez dut liburua irakurri eta beraz, ez nago berarekin ez ados, ezta desados ere, nahiz eta, en fin, irakurri gabe ere Beñaten (eta liburua irakurri duten beste konfidantzazko hainbaten) iritziarekin nahikoa dudan… Baina hortik oso bestelakoa da orain sortzen ari den zalaparta: Beñat bere iritzi arrazoitua ematen lehenengoa izan da liburu honen gainean, eta pozten naiz horregatik baina ez ditut su festak antolatuko, momentuz, eta espero dezagun, iritzi arrazoitu gehiago etorriko direla, eta gero, bakoitzak aterako dituela ondorioak, baina niri ez hasi, mesedez, justizia gora eta justizia behera, literaturak oso zerikusi gutxi du justiziarekin eta!
Beste kontu bat izango da, liburu honi ematen zaion balorea, argitaratze prozesuak euskal literaturako argitaletxeetara normalizazioa ekarri duen hala ez, Kirmenen proiekzio internazionala, eta blablabla, baina gauza hauek, oraintxe bertan, bost inporta, irakurtzeko hainbeste liburu interesgarri ditugun honetan…
Abendua 16, 2008 at 2:19 pm
Ba liburu asko, Joanes, asko, euskaltegian pilo bat jartzen zizkiguten irakurtzeko, eta horietako batzuk oso onak, “Behi euskaldun baten memoriak”, Arantxa Iturberen ipuinak, Julen Gabiriaren “Han goitik itsasoa ikusten da”… Eta, niretzat, horien gainetik dago Kirmenena.
Baina jartzen zizkiguten gehienak astunak eta zinikoak iruditu zitzaizkidan, Xabier Mendiguren, Karlos Linazasoro, Ivan Zaldua, Xabier Montoia… oso astunak eta errepikakorrak.
Berriz ere, uste dut kritikoak ez duela asmatu liburu honen balioak aipatzen ez dituelako. Liburuaren sentsibilitateaz ezer ez esatea huts egite larria da.
Abendua 16, 2008 at 3:10 pm
Polemikatik aparte, saririk gabeko lehiaketa baterako galdera: Kirmenen liburuak badu, nire ustez behintzat, “aurrekari” moduko bat euskal literaturan (nahiz eta igual Kirmenek berak ez duen ezagutzen, hori ez dakit): duela ia 20 urte argitaratu zen nobela-edo bat. Ez dut uste inork asmatuko duenik, baina proba egin dezakezue…
Abendua 16, 2008 at 3:28 pm
Mike Ayerrek esaten duenarekin bat nator. Gainera, seko harrituta nago kultur produktu batzuk (eta haien egileak) hain modu pugilistikoan defendatzen direla ikusita… Liburu batetaz ari zarete benetan? Hori da pasioa hori! Dena dela, hemen goiko komentario batzuei ematen ahal zaien erantzunik onena kritikaren aurreneko parrafoan bertan dagoela uste dut: kritikaria kritikatzekotan, gutxieneko baldintza adibide konkretuak jartzea da, testutik hartuta, berak egin duen bezala. Hortik kanpokoa, zarata baino ez da.
Abendua 19, 2008 at 12:01 am
Kritikarekin ados nago. Agian, leunegia ere iruditzen zait batzuetan, hasieran, batez ere, modan dagoen autofikzioarekin konparatzen duenean-eta. Nahiago luke idazleak horrelakorik! Nik uste dut nobela idatziko zuela agindu zuela eta ezinean ibili arren, ez zuela amore eman eta argitaratu egin zuela. Ni Kirmen Uriberen lanaren zalea naiz, baina nobela noiz aterako irrikatzen egon ondoren, desengainua hartu dut.
Hala ere, ez nator bat, inondik ere, beheragoko iritzietan esaten direnekin. Literatura ez da bakarrik nobela. Orain arte, poesian eta haur-literaturan Kirmenek aski erakutsi du gaurkotasunaren aitzindarietako bat dela (hor ikusi ditudan euskal idazleen zerrendako “letra-biltzaile” gogaikarri, makal, aspergarri eta nazkante asko baino hobea bai, behintzat).
Beste euskal idazle batzuk aipatzearren… Zenbat nobela irakurri dituzue Gabriel Arestirenak, Blas de Oterorenak, Lauaxetarenak, Gabriel Celayarenak edo Joxean Hartzerenak?
Batak ez du bestea kentzen, Kirmen Uribe poeta handia da, izugarria eta generazio berriaren klabeak aurkitu ditu, nobelagile gisa porrot egin badu ere.
Abendua 19, 2008 at 12:07 am
bi gauzatxo besterik ez. nik ez dut liburua irakurri (gabonetan irakurtzeko asmoa nuen), eta baditut gogoak. iritzia botatzeko ondoren izango dut parada. hala ere, pena ematen dit ikusteak zeinen garratz jartzen zareten batzuok, eta zeinen azkar gainditzen duen kritikak ‘literario’ izaera eraso pertsonal bilakatzeko. ez ote da izango kirmenek publikoki esandako hainbat gauzagatik ala? hala bada, pena da.
beldurra ematen dit julenen erronkari erantzutea, baina… ez da 110 street geltokia izango? nik oso gustora irakurri nuen (15 urte nituenean)
Abendua 19, 2008 at 1:15 pm
Josemarik: “Literatura ez da bakarrik nobela”. Arrazoi du. Baina Letren Errepublika Unibertsalean lekutxo bat egin nahi izanez gero, derrigorrezkoa da nobela; Bernardo Atxagak ere ondo ulertu zuen hori. Idazleen mundu mailako elite horretan sartzeko nobelak argitaratu behar dira: are gehiago, mundu mailako merkatu horretako eskaerarekin modu batean edo bestean bat egingo duten nobelak argitaratu behar dira.
Ziur nago “Bilbao-New York-Bilbao” ez dela Kirmen Uribek idatziko duen bakarra.
Abendua 20, 2008 at 4:41 am
Iban Zaldua: zerorrek diozu, “lekutxoa”, ez podiuma. Poeta moduan badu lekurik Kirmenek (eta haur-literaturan ere, nik uste).
Ez nago ados nobela derrigorrezkoa denik lekutxo hori izateko.
Nobelarik (luzerik) gabeko “lekudunak”: Dario Fo, Neruda, Leonard Cohen, Tabucchi, Dahl… (aipatu gabe doaz, besteak beste, Ovidio, Basho, Shakespeare, Dante, W. Whitman, Lord Byron…). Begiak eta bihotza zabalik baditu, nekez idatziko du Uribek beste nobela luze bat. Nik uste dut poesiari eta narrazio laburrari ekingo diela… eta handia izango dela, hantxe izango duela lekutxoa.
Merkatuaz, super/hipermerkatuaz bazabiltza, hori beste gauza bat da. Horretan, agian, arrazoi duzu.
Abendua 20, 2008 at 8:40 am
Kontua da ea zein puntutaraino desberdindu daitekeen, egun, Letren Errepublika Unibertsalaren eta literatur (hiper)merkatu globalaren artean. Gero eta gutxiago, hori da nire irudipena.
Eta alde horretatik oso esanguratsua da eman duzun idazleen zerrenda: gehienak izen zaharrak dira, literatura garaiaren eta behe literaturaren arteko desberdintasunak argi eta garbi zeuden une batekoak alegia.
Izan ere, aipatzen duzun idazlerik gazteena trantsizio horren eredutzat har daiteke: Tabucchi. Niretzat ere ipuinlari hobea da nobelagilea baino, eta 80ko hamarkadarako ospetxoa eginda zeukan literaturaren “connoisseur”-en artean. Nola lortu du fenomeno globalagoa bihurtzea? Pereira eta bere gainontzeko nobelen bitartez… McEwanen kasua antzekoa da: aparteko ipuingile bat, mundu mailako arrakasta izateko nobelagintzan saiatu eta saiatu behar izan dena; bere nobela batzuk dezente gustatzen zaizkidala aitortuta ere (beste batzuk ez hainbeste), miraz gogoratzen dut McEwan narraziogilea.
Halere, agian badaude beste bide batzuk mundu mailako ospe literario garaikidera iristeko, ez ditut ukatu nahi badaezpada ere. Baina estuagoak eta bihurgunetsuagoak direla iruditzen zait.
Abendua 20, 2008 at 3:11 pm
Nire ustez euskal literatura gero eta gehiago “normalizatzen” edo, modan dagoen bezala, “globalizatzen” ari da. Horrek alde onak ditu, eta txarrak ere bai. Txarren artean, saltzeko marketinak gero eta indar handiagoa izatea eta gauza asko puztea. Puztutakoen artean zalantzarik gabe Kirmen Uribe dugu bat: nonahi agertzen da –Gara egunkarian azalean argazki handiz agertu eta guzti–, badirudi nazioartean esportatzeko poeta ofiziala bihurtu dela, erakundeen diru-laguntzekin bidaiak eginez, noski, eta orain nobela kaxkar puxika-puztu batekin datorkigu, baina publizitatearen erabateko laguntzaz.
New Yorken egon da eta kontatu behar digu mutilak, beste mundu berri bat deskubritu duelakoan.
Baina ez da Kirmenena irentsarazi nahi diguten iruzur bakarra. Durangoko azokan Joseba Sarrionaindiaren argi-ilun askoko beste iruzur handia saldu ziguten irudi apainez disimulatutako orrietan. Eta nik eta bete inozo batzuek, amua irentsi eta erosi, Elkarren diru-kutxak betetzeko. Bapo!
Abendua 24, 2008 at 12:08 pm
Nik, gaur Euskal Herrian egiten den literatura gehiena irakurtzen dut eta den denok dakigun bezala, denetarik dago. On onak, onak, txukunak eta exkkaxak. Beste literatura guztietan bezala.
Zenbat arro eta inbidiosa zegoen liburu honen zai kanoiak beregana zuzenduta!
Kirmenen bekatu handiena da bere liburuak jendeak oso gustora irakurtzen dituela eta hori herri miserable hontan ez da barkatzen.Are gehiago bere liburu batek arrakasta izan badu atzerrian.
Bilbao-New York-Bilbao niretzat liburu ona da eta bide luzea egingo du. Hori bai, asko saltzen bada Elkarren diruzaletasunarengatik izango da. Nola ez.
Animo Kirmen, zuk jarrai idazten idazten duzun bezala. Beti izango da 24 urteko ausart axolagabe bat liburua pikutara botako dizuna
Abendua 24, 2008 at 6:02 pm
Mikel Urmenetaren iritzia Kirmen Uriberen nobelaz, New Yorkeko aurkezpenaren ondoren:
“Es muy improbable encontrar originalidad en la literatura actual, hallarla en una obra escrita en Euskera es un milagro. Que esa obra, ademas de original y en Euskera, tenga calidad y traspase fronteras –fisicas y lingüisticas-, es para felicitar a Kirmen y alegrarse por estas vitaminas que muy de vez en cuando recibe el Euskera”.
Artikulu osoa: http://lacomunidad.elpais.com/mikel-urmeneta/2008/12/21/again-uribe-again
Abendua 24, 2008 at 6:27 pm
Bai ; horrenbeste “itz kulta ta politekin, egitan puzkerka jasotzen dute askok, mutillaren liburua. Aspertuta negok puzker zikin espiritu horrekin,gure artean. Zoazte mundura ia burua zabaltzen duzuten pixka bat.
Abendua 24, 2008 at 7:14 pm
Harrituta nago Kirmen Uriberen liburuaren gainean esaten diren gauza batzuk irakurrita.
Ni bere jarraitzalea naiz eta beste asko bezala zai negoen liburua noiz aterako zen.
Banuen beldurra batek baina gehiagok erasoko ziotela liburua atera bezain pronto.
Ezagutzen dugu gure herria eta Kirmen mediatikogia bihurtzen ari ote zen beldurra sortzen zidan. Pentsatu bezala gertatu da.
Beñat Sarasolaren kritika oso tonu txarrean dago idatzia eta goraipatzen dutenak esanez ausarta izan dela bere iritzia ematen esan beharko lukete ere, kritikak egiteko orduan umildade pixka bat ez dela txarra izaten.
Liburuak ez du izan behar denen gustokoa baina hortik deskalifikaziora ,Beñat joaten den bezala ez zait iruditzen zilegi denik.
Kirmen Uribek idatzi duen “nobela” edo “autofikzioa”, azken aldian gurean argitaratu den liburu originalenetakoa da.
Beti gertatu ohi den moduan orain ere, originaltasunak bide gogorra egin behar izaten du eta kasu hontan ere hori gertatuko da. Azkenean errekonozimentua helduko zaio eta gaurko kritikoak orduan ere korua(aldekoa) egiten jarraituko dute.
Abendua 25, 2008 at 12:38 pm
Ez nuen espero biraoetara iritxiko ginenik, “beti izango da 24 urteko ausart axolagabe bat liburua pikutara botako dizuna”. Aipatu da gune honetan Lizarralderen Ilunbistaren atalean, ez ote diren hauek urteanliburubat irakurleen erantzun zalapartatsuak, agian.
Baina kritikariaren ahoari ostikoka egiteak bi izen izan ditu: faxista eta stalinista (agian maoista eta bonapartista erebai). Polita da hau guztiau, erakusten baitu Beñat Sarasolaren kritika bakarra irakurri duela askok, baina inor ez dela mindu Edortaren azken lanari egin dion kritikarekin (lobby txikiagoa izango du, Dieudonnéren argudiobidea erabiltzearren), edo Elkar argitaletxearen poesia saileko estetikari esan dionarekin. Eta ulergarria da, gehiago irakurrita kriterioa handitzen da, eta hori ez da egokia “irakurketa” fanatikoak egiteko: hoberenak, okerrenak, publikoenak, originalenak, nazioartekoenak, urmeneteroenak (zer irakurri du honek euskaraz rankinak egiteko? -first=?onlyone?- ).
Nago kolaxa asko eta aspaldi erabili dela, eta Agota Kristofek ondo idatzi duela umeen estiloan (itzulpen aparta euskarara), eta Célinek autofikzioa egin zuela Voyage au bout de la nuit-en, berdin Requiem-en Akhmatovak, zer esan Césaire-k Le petit matin-en, ez aipatzearren E.S. Guinzbourg Kolimako zeruetan. Baina noski horiek eta beste autofikziozaleek (Orwel, Soljenitsine) ez dute lekurik hemen.
Aukeran, udazkeneko autofikzioetan “Euskaldun guztion abeRia” dut gogokoen.
Ondo segi Beñat!
Espero dut zuri ere “azkenean errekonozimendua helduko” zaizula…
karkrak
katakrak
Abendua 26, 2008 at 9:58 am
Euskaldunon abe´ria beste liburu bat zen, pako aristirena. Iban zalduarena euskaldun guztion aberria da.
Kirmenen azken liburu hau ez dut irakurri eta ezin dut bere gainean ezer esan. Esan da, honetan profesionalak ez direnengatik pasioa besterik ez dutela jartzen idazlea defenditzeko, arrazonamendu gutxi, alegia. Ba nik zuen arrazoi sakon guztiak irakurrita ere liburu hau irakurtzeko izugarrizko gogoa daukat. Idazle honek idatzitako gehiena gustatu egiten zait, asteroko bere zutabea irrikaz irakurtzen dut eta liburuaren inguruan Itsasok (irakurle afizionatua zuentzat) aipatutako goxotasuna astero-astero sentitu dut berriako azken orri irakurtzerakoan. Beraz, oso ondo dago intelektualon jarduna, segi gauza sakONAK, idazten. Nik neure gustoko idazleak bilatzen jarraituko dut zuei jaramon haundirik egin gabe.
uste dut hemen inguruan New Yorkera edo han urrutira joateko gogoz (inbiritan ez esateagatik) dagoela bat baino gehiago
Abendua 26, 2008 at 11:43 am
“Nire ustea da nobela hasi-hasieratik hondoratzen dela, txalupa txiki bat legez, eta irakurlea hor ibiltzen dela alde batetik bestera, olatuen higiduren mende, 233 orrialdeetan zehar.”
“Istorioa hutsala da, eta, honenbestez, nobelaren muina, istorio horretan bainoago, protagonistak egiten dituen hausnarketa eta digresioetan dago.”
“Istorio ugari kontatzen dira nobela guztian zehar; gehiegi, ene irudirako.”
“Hitz bitan esanda, inpresioa dut Uribe oraindik ez dela behar bezalako narratzaile sendoa, baldar dabilela oraindik ere neurri luzeko narrazioetan.”
“Kosta egiten zait pentsatzen keinu metaliterario hori aski denik nobela osoa sostengatzeko.”
Egurra!
Abendua 27, 2008 at 4:13 pm
Iritziak iritzi, Euskal Herrian liburu batzuek beren merituarengatik lortzen dute arrakasta eta beste batzuk, ordea, Monopolioak (Editorea, Gure gauzak SA) bihurtzen ditu “best-seller”.
Kirmen Uribek, merezimendua gora behera, badu Monopolioaren bultzada…
Abendua 27, 2008 at 5:28 pm
Juanjo Olasagarreri ere ez zaio gustatu(ko) Kirmen Uriberen nobela, gaur BERRIAn irakurri diogunaren arabera: «Pertsonaia goxo, samur eta txukunak ez zaizkit interesatzen». Nobela horretan pertsonaia denak dira, izan ere, goxo, samur eta txukunak.
Abendua 29, 2008 at 2:00 am
Esan nuen liburua irakurri ostean nire iritzia botako nuela eta badoa. Aldez aurretik esan behar dut nire aurreko inpresioa berresten dudala, hau da, kritika asko ez direla kritika literario baizik eta pertsonal, eta gehitzen dut ez zaizkidala batere gustatzen euskal kulturan gehiegitan azaleratzen diren inbidia zantzu horiek. Norbaitek kontaktuak lortu baditu, jarraitzaileak, mezenasak, eta baleko obra batekin oiartzuna lortzen badu, bejondeiola!
Nobelari buruz zer esan? Nobela denik ere ezbaian jarriko nuke. Pertsonalki gustora irakurri det, baina hori besterik ez. Erraz irakurtzen da, eta Kirmenen ohiko xamurtasun eta goxotasuna igarri egiten da orrialdeetan. Horregatik gustatu zait, batez ere.
Baina esan behar dut Beñaten hainbat ikuspunturekin guztiz ados nagoela, istorio gehiegi kontatzen dira (batzuk beharrik gabe esango nuke), denak hala-nola loturik, istorioetan sakondu gabe, haien funtsa erakutsi gabe-edo. Autofikzioa interesgarri izanda ere, autorearen hausnarketek leku gehiago beharko luketela iruditzen zait, saiakerarako espazio gehiago, alegia.
Esango nuke erdibidean gelditu dela Kirmen. Nobela puntu bat badu, saiakera puntu batzuk ere, ipuin tankerako zantzu batzuk, azalpen testu batzuk ere eta guzti, baina ez du asmatu dena behar bezela josten. Kaiko andreengadik ikasi beharko luke, agian.
pd.: autofikzioari dagokionez, bada haren paradigma-edo kontsideratzen dudan film oso on bat. Adaptation, Spike Jonz-ena. Oso gomendagarria, benetan.
Abendua 29, 2008 at 7:11 pm
Ez naiz literatur zalea. Bai, frikia. Beñat bezala. Kritikak ere idazten ditut, baina artearen beste alor batean. Beno, nik balorazioak egiten ditut; ez kritikak.
Urtean asko jota liburu bat irakurtzen dut euskaraz, eta beraz, nire iritzia hutsala izan daiteke.
Ez dut Kirmen Uriberen liburu bakar bat irakurri. Baloratu duena ere baliteke ez irakurtzea.
Baina ados nago Beñatekin. Bere iritzia eman duelako, besteek bezala. Ez besterik.
Nago (literatur zaleen hizkerara hurbilduz) Beñatek halako kritikekin sona irabazi baino “egurtuei” mesede egiten diela. Eta “egurtuen” jarraitzaile itsuei.
Jon Martin, Kirmen Uribe, … zein idazle mediatiko muxukatuko duzu hurrengoan? ;-)
P.D.: Sarritan eztabaidatu dut zurekin bai, Beñat, zure “balorazioengatik”. Laster izena aldatu beharko diozu txoko honi: Poxpolo ‘kaxa’. jiji
Urtarrila 2, 2009 at 8:07 am
Urte berri on!
Beñat, zure kritika irakurri nuen bere garaian; gustatu zitzaidan. Gustoko dut zure idazteko manera, bai kritikan edo-ta poesian. Kirmenen liburua bart bukatu nuen (urte hasi eta bukatu dudan lehen liburua) eta sentsazio goxoa daukat. Liburu polita dela esango nuke, irakurterraza, sentsiblea eta pertsonala. Kirmenen estilo poetikoa nabari da. Nahiko era kaotikoan idatzita dagoela dirudien arren, paragrafo batetik bestera istorio diferenteak nahasten ditu uneoro, liburu osoaren batasuna oso ondo landua dagoela uste dut. Beraz, nire aldetik zorionak Kirmen liburuagatik eta zuri Beñat kritikarengatik (nahiz eta oraingo honetan ados ez egon).
P.D.: Liburuaren irakurketan Sarriren Lagun Izoztua liburuaz akordatu naiz.
P.D.2: Kirmenen idazkera Ken Zazpiren musikerakin lotzen dut, inkontzienteki.
Otsaila 6, 2009 at 11:43 pm
Oraintxe ari naiz Uriberen liburua irakurtzen, beraz, ezin gauza handirik esan, hasieran bainago. Dena dela, Hedoi Etxartek dioen bezala, gehiegizkoa iruditu zait Beñati buruz Aitor Imazek dioena: “24 urteko ausart axolagabe bat”.
Zein ausarta den ezjakintasuna…
Barka eztabaidara berandu sartu izana, baina ezin nintzen halako deskalifikazio baten aurrean isilik geratu.
Otsaila 23, 2009 at 8:09 pm
Duela hogei bat urteko autifikzioa: Abuztuaren 15ko bazkalondoa. Gero, Manu Militari. Geroago, Terra Sigillita. Konparau eizuz, txo!
Otsaila 23, 2009 at 8:13 pm
Esan gura izan dut: autofikzioa, terra sigillata.
Jaso gabeko mundua?
Eta Koldo Izagirrerenak?
Tobacco Days?
Erkiaga?
Zubikarai?
Txomin Agirre?
Otsaila 25, 2009 at 3:46 pm
xabier mendiguren, elkar-eko editoreak esana: kirmenek liburu “haundia” egin nahi zuela eta horregatik tipografia haunditu behar izan zutela.
eta baita orrialdeetako marjenak ere. bestela, orrialde kopuruz, ez baitzen liburu “haundia” izatera iristen.
niretzat horrekin laburbiltzen da dena. horrekin eta azalean betiko txalupa eta betiko “new york” ikustearekin.
mesedez, pasa ditzala pare bat urte “new york”-en eta joango zaizkio txorradak idazteko gogoak.
Ekaina 29, 2009 at 12:00 pm
[...] “Zuzendariari” atalera gutun bat bidali zuen; irakurle emozionista talde batek Beñat Sarasola setiatu zuen bere blogean, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobelaz egindako iruzkinarengatik; eta, tira, [...]
Abuztua 4, 2009 at 9:37 am
Nik Kirmen Uriberen hitzetan ez dut idazle gogoangarri bat somatu, produktu bat merkatura atera eta etekina atera nahi dion kudeatzaile bat ikusi dut gehiago. Telebistan egin dituen agerpenen ostean, bere burua produktu bihurtu nahi duela esan dezakegu erraz.
Baina irakurlea engainatzea ez da hain erraza.
Literatura beste gauza bat da. Badakigu. Lasai egon gintezke.
Abuztua 4, 2009 at 10:00 am
pd.-Ahaztu zait esatea berehala eta atseginez irakurri dudala liburua eta hurrengoa ere irakurriko diodala.