Urtarrila 3, 2009...5:31 pm

Urteko balantzea

Jump to Comments

       Zerrenda kontuekin jarraituz, Berria-tik urte honetan gehien gustatu zaizkigun hiruna liburu hautatzeko eskatu digute egunkarian literatur iruzkinak egiten dihardugunoi. Esan gabe doa hautaketa partziala dela oso, seguruenik liburu interesgarri askoak geratu baitzaizkit irakurri gabe. 

 

Castillo Suarez: Souvenir

                Hirurogeita hamar prosa poetikoz osatutako liburua, bere soiltasunean, urte honetan irakurri dudan poesia libururik interesgarriena izan da honakoa. Hanpadura oroz landa, hizkuntzaren medio oinarrizkoenekin, dekorazio exageraturik gabe, irakurlea ukitu eta hunkitzea lortzen du Suarezek. Poema liburu on guztiak bezalaxe, behin baino gehiagotan irakurtzekoa.

 

Iñigo Aranbarri: Zulo bat uretan

                Istorio txiki interesgarri ugari gurutzatzen dira nobela honetan, zeina  ertzez beteriko Imanol Arellano kazetariaren prismatik kontatzen baita. Suspensearen eskutik aurrera egingo du irakurleak Itoizko hobi hustuketen inguruan osatutako trama ebatzi nahian, baina azkenean giza kondizio ahularen inguruko galderekin topo egingo du.  Istorio txikiak, historia handiarekin lotuta egoten baitira sarritan.

 

Pello Lizarralde: Iragaitzaz –ilunbistan-

                Muturreko esperientzia literarioa proposatzen digu Lizarraldek nobela honetan. Kamioilarien mundu iragaitza sartzen digu erraietaraino: elurraren zuri eta hotza,  Martinen bakardadea… Kamera bat bailitzan, Lizarraldek gertakariak deskribatzen dizkigu, mugimenduak, keinuak, hotsak, usaiak,  eta irakurlearen lana izango da haien arteko loturak egitea. Gomendagarria ohikoa baino arropa gehiago janztea nobela hau irakurtzeko.

 

Berria, 09/01/02

2 Iruzkin

  • Euskerazko balantzeak itxura ona du.”zulo bat uretan” nobela txukuna iruditu zitzaiten.

    Bestalde, balantze orokorrago batetan zer sartuko zenuke? Aurten irakurri dituzun idatzi literarioen artean zer dago on beñat?

  • Ez ditut segitzen apenas nazioarteko literatur nobedadeak. Irakurtzen ditut apur bat notiziak, elkarrizketak, kritikak, baina azken aldian ez nago batere “jarrita” nobedadeetan. Uste dut 2008an publikatutako liburu bakarra ere ez dudala irakurri (euskaraz ez dena, jakina). Nire eginbeharrek beste gauza batzuk irakurtzera naramate.

    Beraz, inor baldin bada desegokia pasa den urteko nobedadeez mintzatzeko, horixe ni. Hala ere, segur naiz blog honetako bisitari bat baino gehiagok 2008ko liburu “onenak” gomenda diezazkigukeela.


Leave a Reply