Haginetako mina, Askoren artean

ANTOLOGIAK ETA DESOREKAK

 

Azken urteotan egon den euskal gatazkaren presentzia gure literaturan aztertzeko jakin-mina ondoren, pentsatzekoa zen lehenago edo geroago gai honen inguruko antologia bat publikatzea. Euskal gatazka eta euskal literaturaren arteko analisi hauetan, gainera, protagonismo handi samarra hartu du ipuinaren generoak eztabaidagai gisa. Jokin Muñozen ideia hori, ipuinak posizionamendu ideologiko argi bat hartzea saihesten laguntzen duelakoa, eta Iban Zalduaren erantzuna (Lau kontsiderazio euskal ipuingintzaren inguruan) horren adibideetako bat da. Mikel Sotok apailatu eta Txalapartak atera berri duen Haginetako mina hau, bada, euskal literaturan gatazka jorratzen duten ipuinen antologia da («Ipuinak hautatzeko irizpide nagusia izan da lanen gai zentraletako bat konbentzionalki euskal gatazka deitzen dugun hori izatea» dio hitzaurrean), eta hala, eztabaida hauek sakontzeko eta ikerketa lan berriak egiteko erreferentzia interesgarria da.

 

Ipuinok kronologikoki ordenatuak ditu Sotok, argitaratze dataren arabera. Anjel Lertxundiren Hausturak-etik, 1984an argitaratutakoa, Joseba Sarrionandiaren Xakea arte, 2007an plazaratua, nahiz eta, ironikoki-edo, 1982an idatzia izan zen. Euskal Gatazka delakoaren zerizan patetikoaren inguruan dezente esaten du datu honek. 1982an idatzitako ipuina ez da batere gaizki zahartu eta hogeita bost urte beranduago argitaratu daiteke arazorik gabe.

 

Askotarikoak dira ipuinon luzera, estrategia narratiboak, tonuak eta abarrekoak, eta Sotok, oro har, aurrerago zehaztuko ditudan eragozpenak salbu, liburu aberatsa ondu duela esango nuke. Esate baterako, hor dago narrazioaren teknikaren ikuspegitik paregabea den Mikel Antzaren Odolaren usaina, euskal gatazka beste gatazka sozialekin (drogekin) lotzen duen Edorta Jimenezen Atoiontzia, eta zolitasunez beteriko Luis Fernandezen ipuin satiriko bikain hori, Kontaktua, atentzio gehien eman didatenen artean hiru hautatzearren. Bestetik, ipuin batzuek gatazkaz mintzo garenean eskuarki ahantzi egiten ditugun zenbait aspektu eta biktima gogorarazten dizkigute. Ipuin hauetako protagonistak ez dira ez heroiak ezta martirrak ere. Horietako bat da Xabier Montoiaren Irapuato. Makurkeria nonahi, iheslarien (zentzurik literalenean) errealitatea mahai gainera eramaten diguna; eta beste bat Jokin Muñozen Isiluneak, ETAko militanteen senitartekoen oinazea azaleratzen duena (eta bidenabar, 1974ko Gabriel Arestiren Josepa Mendizabal Zaldibian poema gogorarazi).

 

Baina antologiaren aberastasunari dagokion eragozpenen bat agindu dut gorago, eta iritsi da nire zorra kitatzeko garaia: ipuin (ia) guztiek, ezker abertzaleko biktimen oinazean jartzen dute beren arreta. Min hau, arestian aipatu bezala, prisma askotatik agertzen da, eta horixe da, nire iritziz, antologia honen bertuteetako bat. Baina ETAren bortizkeriak eragindako oinazea esplizituki azaltzen diren ipuin bakarrak Patxi Zubizarretaren Bihar ez diot amari hutsik egingo eta Harkaitz Canoren Hipotesiak gordinkeriaz dira. Baiki, idiota samarra da kalkulu matematikoak egiten ibiltzea politikoki zuzena litzatekeen oreka ezinezko bat mantentzearren, baina uste dut «euskal gatazka» erabili ondoren, termino honen esanahi distantziakidearen tamainako antologia distantziakidea espero zitekeela, borroka armatuak eragindako minaren presentzia handiagoarekin. Hitzaurrean Sotok dion bezala, antologia inpartzialak egiteko posibilitatearen inguruko ameskeriak aspaldi joan zitzaizkigun (areago halako gai baten aurrean), baina kasu honetan desoreka handiegia dela begitandu zait niri.

 

Berria 09/01/11

6 Iruzkin

Literatur kritikak atalean

6 erantzun Haginetako mina, Askoren artean -ri

  1. Ezezaguna

    Zein ipuin proposatuko zenuke ETAren bortizkeriari pisu handiagoa eman eta antologiaren “aberastasuna hobetzeko”?

  2. Galdera horixe egin diot neure buruari iruzkina bukatutakoan. Ez dakit zehazki problema antologiarena den edo euskal literaturarena oro har, alegia, euskal literaturak ETAren bortizkeria gutxi edo balio literario eskasarekin errepresentatu ote duen. Ur handitan sartzea litzateke hori, eta momentu honetan, ez dut horretarako kemenik.

    Haatik, boteprontoan, pare bat ipuin bururatzen zaizkit kontua ondo jorratzen dutenak: Iban Zalduaren “Itzalak” eta Jokin Muñozen “Xantilli”. Baina autore horien ipuin bana dago antologian eta agian aukeratutako horiek hobeak dira.

  3. mike ayer

    Oker ez banago, Mikel Hernandez Abaituari ere eskatu zioten ipuin bat antologiarako (oraintxe bertan, izenburua ez dut gogoan). Hitzaurrean dator honi buruzko informazioa eta uste dut ipuinaren izenburua ere badatorrela… Dena den, nago ipuin horretan bertan (Donostiako kaleetan autobus bat erretzen ari dira eta…) edo Mikel Hernandez Abaituaren bestelako narrazio batzuetan erraz aurkitu daitekeela “Anonymous”-ek eskatzen duen hori…

  4. Ezezaguna

    Ez, nik ez dut ezer eskatu, galdetu baizik (artikuluaren azken parrafoaren harira, antologiaren eragozpenei buruz hitz egiten den zatiaren harira, hain zuzen). Niri, egia esan, berdin-berdin dit “antologiaren aberastasunak”, partzialtasunak eta antologiak berak.

    Jakin nahi nuen, besterik gabe, zergatik artikuluan aipatzen zen eragozpen horri ez zitzaion “izen-abizenik” jartzen (ipuin eta autore zehatzak proposatuz). Jakin nahi nuen “eragozpena” benetakoa zen, edo “pose” baten isla besterik ez (autoreak argitu du, gorago).

  5. Iban Zaldua

    Mikel Ayerbek aipatzen duen Mikel Hernandez Abaituaren ipuinak (antologiaren sarreran aipatzen dena) “Lehen ahotsa” izenburua dauka, eta “Ahotsak” liburuttoan agertu zen lehenengoz (Erein, Milabidai saila, 1996). Liburu hori eskuratu ezin duenarentzat, errepikatuta dago egile beraren “Ohe bat ozeanoaren erdian” nobelaren barruan (Erein, 2001), bigarren atalean hain zuzen ere.

  6. Julen Aseginolaza

    ETAk eragindako sufrimenduaz asko eta asko idatzi da (ondo, gaizki, oso gaizki eta oso-oso gaizki) gaztelaniaz; euskaraz baino askoz gehiago; frantsesez ere zerbait bai, baina ez askorik. Ez da harritzekoa ere, ezta? Ez zait iruditzen kritikariak liburuari egozten dion akatsa antologoaren errua denik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s