Urtarrila 30, 2009

Xabier Lete

Xabier Leteri elkarrizketa sakona egin dio Juan Luis Zabalak Berria-n. Elkarrizketa osoa sarean jarri dute, hemen. Mamitsua da eta Letek gauza interesgarri asko esaten dituela iruditu zait. Literatur kritikaren inguruan dioena, esaterako; inpresioa dut Maddik blog honetan zioenarekin erlazionatu litekeel gainera, hots, (kanpoko) erreferenteen konparatistika gutxi egiten dela:

“Batzuetan pentsatzen dut ofizio bat aukeratu behar banu euskal literaturaren kritikaria izatea aukeratuko nukeela: ateratzen den guztia irakurri eta sakon komentatu, eta komentatzerakoan azterketa konparatiboak egin, konparatista izan. Literatura guztietan egiten da hori, baina hemen sekulako pobrezia dago alde horretatik. Erreferente falta handia dago.”

Urtarrila 26, 2009

Udaberri alua, Patrick Modiano

XUMETASUNAREN EDERRA

Patrick Modiano, azken hamarkadetan Frantzian idazle aski ezagun eta ospetsua izan arren, ez da sobera ezaguna Hego Euskal Herrian. Haren obrak espainierara hirurogeita hamargarreneko hamarkadaz geroztik itzuliak izan badira ere, nouveau roman ondorengo belaunaldi(eta)ko beste zenbait idazle frantziarrek (esaterako, Jean Echenoz, Michel Houellebecq eta Amelie Nothombek) baino sona gutxiago erdietsi du orain arte penintsulan. Arrazoiak ugariak, baina argi dago Modianok proposatzen duen literaturak Houellebecqen edo Nothomben kontakizun bortitzekin gutxi duela ikusteko. Niri Udaberri alua-k Europa erdialdeko literatura ekarri dit gogora gehiago, idazkera neurtu eta dotorearekin, kontakizun xume baten bidez gai sakonetaraino iristea lortzen duena.

II. Mundu Gerran zehar osatutako Vichy-ren gobernuaren menpeko Frantzian kokatu izan ditu Modianok maiz bere nobelak -La Place de l’Étoile, La Ronde de nuit eta Les Boulevards de ceinture-k osatzen duten trilogia ka-su-, Frantziako historiaren une lotsagarri eta mingarrienetakoan, beraz. Udaberri alua-n garai hori zeharka baino ez da azaltzen, baina, nolanahi ere, XX. mende erdiko Europako sarraskiek -II. Mundu Gerra, Holokaustoa…- eta beren ondorioek presentzia handia dute nobela honetan.

Hala, urrutira joan gabe, nobelako protagonista, Francis Jansen, Drancyko kontzentrazio esparrutik igarotakoa da, judua omen delako. Halakoetatik igaro izan diren pertsonaiek sarritan agertzen duten -literaturan bederen- izaera mukerra du Jansenek halaber (Imre Kerteszen Zoririk ez-ko Gyorgy Koves edo W.G. Sebald-en pertsonaiei buruz ari naiz, besteak beste). Bere baitara bilduta bizi da, Parisko atelier batean, eta argazkilaria da ofizioz. Ia erabateko bakardadean, bere antzinako lagunak (Robert Capa) gogoan, hemeretzi urteko gazte bat -narratzailea- ezagutzen du 1964ko udaberrian, eta harekin adiskidetzen da. Laburbilduz, nobelak adiskidantza horren nondik norakoak azaltzen dizkigu. Autofikzio kutsua duen nobela da -osasun motiboengatik diot batik bat, autofikzioaren fobiko, alergiko eta eszeptikoek kontuan izan dezaten-, narratzailea Modiano bera delako aztarnak uzten baitzaizkigu aldian behin. Idazle izan nahi duen narratzaileak – «Idazlaria» deitzen dio Jansenek-, larruzko hiru maletatan bilduak dauden Jansenen argazkiak kronologikoki ordenatzeko egitasmoari ekiten dio, eta inbentario hori egiteko lanetan igarotzen ditu egunak atelierrean. Bertan telefono dei misteriotsuak jasotzen ditu, Jansenek sekula hartu nahi ez dituenak -tartean argazkilariaren miresle Nicole-rena-. Gisa honetan, Jansenen iragana berreraikitzen joaten da ezarian, harik eta Paris utzi eta Mexikora joaten den arte Jansen. Ez dirudi jende askok faltan sumatu zuenik, baina hainbestekoa da Jansenek narratzaileari eragiten dion lilura, ezen enkontrua jazo eta hogei urte beranduago, jada izen handiko idazlea delarik, argazkilariari buruz idaztea deliberatzen baitu. Udaberri alua da, bada, erabaki horren emaitza xume eta ederra.

Nahiko zeharka aipatzen den kontua izanagatik, iruditzen zait Jansenen «poetika»-k asko duela esateko bere izaeraren eta liburuko hausnarketa moralen inguruan -gogoan izan, bidenabar, itzultzailea Pello Lizarralde dela-. Objektu eta izaki ezdeus eta txikienei argazkiak ateratzeko joera du Jansenek, oso hurbiletik oro har, eta haren aburuz, argazkilari behinena desagertzeko kapaza dena da, «bere kamera disimulatu nahiko zukeena». Nahiko nuke jakin zer egiten duen Jansenek orain, bizirik jarraitzen badu, egungo argazki kameren moda desfile honetan.

Berria, 09/01/25

Urtarrila 16, 2009

Kafe Antzokia martxan

Bilbotarren inbidia ederra dugu donostiarrok Kafe Antzokia dela eta.

Kafe Antzokia martxan

Urtarrila 12, 2009

Haginetako mina, Askoren artean

ANTOLOGIAK ETA DESOREKAK

 

Azken urteotan egon den euskal gatazkaren presentzia gure literaturan aztertzeko jakin-mina ondoren, pentsatzekoa zen lehenago edo geroago gai honen inguruko antologia bat publikatzea. Euskal gatazka eta euskal literaturaren arteko analisi hauetan, gainera, protagonismo handi samarra hartu du ipuinaren generoak eztabaidagai gisa. Jokin Muñozen ideia hori, ipuinak posizionamendu ideologiko argi bat hartzea saihesten laguntzen duelakoa, eta Iban Zalduaren erantzuna (Lau kontsiderazio euskal ipuingintzaren inguruan) horren adibideetako bat da. Mikel Sotok apailatu eta Txalapartak atera berri duen Haginetako mina hau, bada, euskal literaturan gatazka jorratzen duten ipuinen antologia da («Ipuinak hautatzeko irizpide nagusia izan da lanen gai zentraletako bat konbentzionalki euskal gatazka deitzen dugun hori izatea» dio hitzaurrean), eta hala, eztabaida hauek sakontzeko eta ikerketa lan berriak egiteko erreferentzia interesgarria da.

 

Ipuinok kronologikoki ordenatuak ditu Sotok, argitaratze dataren arabera. Anjel Lertxundiren Hausturak-etik, 1984an argitaratutakoa, Joseba Sarrionandiaren Xakea arte, 2007an plazaratua, nahiz eta, ironikoki-edo, 1982an idatzia izan zen. Euskal Gatazka delakoaren zerizan patetikoaren inguruan dezente esaten du datu honek. 1982an idatzitako ipuina ez da batere gaizki zahartu eta hogeita bost urte beranduago argitaratu daiteke arazorik gabe.

 

Askotarikoak dira ipuinon luzera, estrategia narratiboak, tonuak eta abarrekoak, eta Sotok, oro har, aurrerago zehaztuko ditudan eragozpenak salbu, liburu aberatsa ondu duela esango nuke. Esate baterako, hor dago narrazioaren teknikaren ikuspegitik paregabea den Mikel Antzaren Odolaren usaina, euskal gatazka beste gatazka sozialekin (drogekin) lotzen duen Edorta Jimenezen Atoiontzia, eta zolitasunez beteriko Luis Fernandezen ipuin satiriko bikain hori, Kontaktua, atentzio gehien eman didatenen artean hiru hautatzearren. Bestetik, ipuin batzuek gatazkaz mintzo garenean eskuarki ahantzi egiten ditugun zenbait aspektu eta biktima gogorarazten dizkigute. Ipuin hauetako protagonistak ez dira ez heroiak ezta martirrak ere. Horietako bat da Xabier Montoiaren Irapuato. Makurkeria nonahi, iheslarien (zentzurik literalenean) errealitatea mahai gainera eramaten diguna; eta beste bat Jokin Muñozen Isiluneak, ETAko militanteen senitartekoen oinazea azaleratzen duena (eta bidenabar, 1974ko Gabriel Arestiren Josepa Mendizabal Zaldibian poema gogorarazi).

 

Baina antologiaren aberastasunari dagokion eragozpenen bat agindu dut gorago, eta iritsi da nire zorra kitatzeko garaia: ipuin (ia) guztiek, ezker abertzaleko biktimen oinazean jartzen dute beren arreta. Min hau, arestian aipatu bezala, prisma askotatik agertzen da, eta horixe da, nire iritziz, antologia honen bertuteetako bat. Baina ETAren bortizkeriak eragindako oinazea esplizituki azaltzen diren ipuin bakarrak Patxi Zubizarretaren Bihar ez diot amari hutsik egingo eta Harkaitz Canoren Hipotesiak gordinkeriaz dira. Baiki, idiota samarra da kalkulu matematikoak egiten ibiltzea politikoki zuzena litzatekeen oreka ezinezko bat mantentzearren, baina uste dut «euskal gatazka» erabili ondoren, termino honen esanahi distantziakidearen tamainako antologia distantziakidea espero zitekeela, borroka armatuak eragindako minaren presentzia handiagoarekin. Hitzaurrean Sotok dion bezala, antologia inpartzialak egiteko posibilitatearen inguruko ameskeriak aspaldi joan zitzaizkigun (areago halako gai baten aurrean), baina kasu honetan desoreka handiegia dela begitandu zait niri.

 

Berria 09/01/11

Urtarrila 3, 2009

Urteko balantzea

       Zerrenda kontuekin jarraituz, Berria-tik urte honetan gehien gustatu zaizkigun hiruna liburu hautatzeko eskatu digute egunkarian literatur iruzkinak egiten dihardugunoi. Esan gabe doa hautaketa partziala dela oso, seguruenik liburu interesgarri askoak geratu baitzaizkit irakurri gabe. 

 

Castillo Suarez: Souvenir

                Hirurogeita hamar prosa poetikoz osatutako liburua, bere soiltasunean, urte honetan irakurri dudan poesia libururik interesgarriena izan da honakoa. Hanpadura oroz landa, hizkuntzaren medio oinarrizkoenekin, dekorazio exageraturik gabe, irakurlea ukitu eta hunkitzea lortzen du Suarezek. Poema liburu on guztiak bezalaxe, behin baino gehiagotan irakurtzekoa.

 

Iñigo Aranbarri: Zulo bat uretan

                Istorio txiki interesgarri ugari gurutzatzen dira nobela honetan, zeina  ertzez beteriko Imanol Arellano kazetariaren prismatik kontatzen baita. Suspensearen eskutik aurrera egingo du irakurleak Itoizko hobi hustuketen inguruan osatutako trama ebatzi nahian, baina azkenean giza kondizio ahularen inguruko galderekin topo egingo du.  Istorio txikiak, historia handiarekin lotuta egoten baitira sarritan.

 

Pello Lizarralde: Iragaitzaz –ilunbistan-

                Muturreko esperientzia literarioa proposatzen digu Lizarraldek nobela honetan. Kamioilarien mundu iragaitza sartzen digu erraietaraino: elurraren zuri eta hotza,  Martinen bakardadea… Kamera bat bailitzan, Lizarraldek gertakariak deskribatzen dizkigu, mugimenduak, keinuak, hotsak, usaiak,  eta irakurlearen lana izango da haien arteko loturak egitea. Gomendagarria ohikoa baino arropa gehiago janztea nobela hau irakurtzeko.

 

Berria, 09/01/02

Abendua 29, 2008

Egunsentiaren esku izoztuak, Xabier Lete

                                    

ESKU HUTSIK ORDU KUNPLITUAN 

Xabier Leteren sorkuntza errotik gurutzatzen duen gaia da bizitza eta heriotzarena. Horren adibide, lehendabizi bururatzen zaizkigun Leteren kantak -demagun, Izarren hautsa eta Xalbadorren heriotzean- zuzenean daudela loturik gai horrekin. Egunsentiaren esku izoztuak, bada, gai-ildo horren adibide ezin hobea da, lehenengo poematik azkenekoraino, heriotzaren gaineko hausnarketa presente baitago. Atalen beraien banaketa linealki uler daiteke gainera: heriotzaren ataritik -Udazkenekoak- heriotzaren azkentzeraino -Neguan izan zen-.

 

Modu orokorrago batean, galeraren ideiaren presentziaz mintzo daiteke orobat -egin kontu des- atzizkiaren erabilera-; gaztetasunaren eta bizitzaren halabeharrezko galera. Galera horretan oroimena da geratzen den bakarra, ezerk ezin baitu saihestu biziaren patu tragikoa, ez ezagutzak ezta hausnarketak: «ez gaitu ezerk galeratik erredimitzen orain / bai baitakigu egun joanak ez direla itzuliko / eta ez dagoela gogoetarik, oroigarririk / gizona bere ezerezetik salba dezakeenik». Ez da inor harrituko, hargatik, liburuak etsipenezko tonua duela badiot, eta berau ezarian irakurtzea komeni dela.

 

Obra honen iturrietako bat poetaren beraren ibilbide poetikoan topatu daitekeen gisara, beste iturri funtsezkoetakoa bere bizi esperientzian aurkitu daiteke. Formalista ortodoxoenentzat heresia bat da edozein literatur lan aztertzeko autorearen biografiaz baliatzea; alabaina, ekidinezina da liburu hau irakurri bitartean poetak azken urteetan bizitako hainbat gertakari gogoan izatea: Lourdes Iriondo emaztearen heriotza -liburua hari eskaini dio- eta Letek igarotako eritasun larria -bereziki presente Vulnerant omnes atalean-. Hala, neurri handi batean, ni-aren esperientzia horretatik idatzitako poema liburua da, hainbeste, ezen erreferentzia gertu gertukoenak -erietxea- topatzera iritsiko baita irakurlea. Ni indartsu horrek ematen digu, hain zuzen ere, Leteren poesia tradizioaren arrastoa: erromantizismoa, eta, zenbaitek esango luketen moduan, «esperientziaren poesia». Charles Baudelairez geroztik mendebaldeko poesigintzaren erdigunean hiria, urbea kokatzen bada, hemen hiria helmuga utopiko gisa azaltzen da gehiago, ez da modernitateko hiri korronpitu hori, Leteren poesia ildoa erromantizismoarekin lotuagoa dagoen seinale -liburua C. D. Friedrich-en koadro batek biltzen du, ez alferrik-.

 

Arestian aipatu nitasun horretatik abiatuta, gizakia eta naturaren arteko harremana lantzen da poema gehienetan, sublimearen sentimenduaren bila, izpirituaren hunkitzean bila. Naturako motiboak oinarri hartuta, metafora literario klasikoak erabiltzen ditu maiz: ekialdea-udaberria-eguna-argia / jaiotza, mendebaldea-negua-gaua-iluntasuna / heriotza. Eta egia esan, poema eta lerro hunkigarri bat baino gehiagorekin egingo du topo irakurleak («eta lokartuko naiz agian betirako / azken unean bakean neronekin / ororekin bakean»), beharrezko sosegu eta atentzioz irakurriz gero. Poema liburu luzea izaki, beti ez du lortzen, esango nuke, irakurlearen barnea bete-betean kolpekatzea, eta iruditu zait zenbait zatiren murrizketa ez litzaiokeela gaizki etorriko liburuari.

 

Obra argitaratu berritan eman ziguten Leteren adiskide Mikel Laboaren heriotzaren berri. Errealitateak Egunsentiaren esku izoztuak-i arrazoia eman izan balio bezala izan zen, heriotzak ez duela gupidarik, ezta handienekin ere: «horrela izan da handientzat, ttikientzat / denontzat horrela beti / hain izanik iragankorrak / zu, ni, hura eta denok batera azken ordua arte, / azkenean azkenak berdindu ditzan / gure demak, gure lehiak, / esku hutsik hiltzen gara ordu kunplituan».

 

Berria, 08/12/28

Abendua 24, 2008

Zerrendak

       Gabonak zerrenden garaiak izaten dira. Zerrendak erosketak egiteko, baina baita disziplina diferenteetan urteko onenak zeintzuk izan diren zehazteko. Hala, testuingurua aprobetxatuz, euskal musikarien (bakarlarien) disko gogokoenen zerrenda pertsonala idaztea proposatzen dizuet. Ea musikaz mintzatzeko aukera ematen digun. Hona hemen nire zerrenda:

 

Anari: Habiak

Gari: Eguzki berritan zaude

Xabier Montoia: Hemen

Fermin Muguruza: Brigadistak Sound System

Jabier Muguruza: Boza barruan

Txuma Murugarren: Gauak, neskak eta maletak

Ruper Ordorika: Hurrengo goizean

J.C Perez: Hau berua

Petti: Etxeko uzta

Abendua 15, 2008

Bilbao-New York-Bilbao, Kirmen Uribe

ISTORIO METAKETA

 

Oraindik publikatu gabe, eta jende guztiak zuen zer esanik Kirmen Uriberen nobelaren inguruan. Seguruenik, zarata sobera alde guztietatik. Azkenik, nobela plazaratu da, eta, behingoz, nobelaren beraren gainean, testuaren gainean, mintza gaitezke osoki.

 

Eta, hala, ezer baino lehen esan daiteke Uribek apustu literario garbia egin duela, molde narratibo berrietara egokitutako nobela idatziz. Gaur egun, oraindik, XIX. mendeko nobela errealistaren eredua da nagusi, hala nazioarteko nobelagintzan, nola Euskal Herrikoan, eta Uribe eredu horretatik aldentzen ahalegindu da, arrisku literario nabarmenak hartuz. Horretarako, azken urteetan aski ugaritu den molde narratibo bati heldu dio, autofikzioari. Autobiografia eta nobelaren artean, narratzailearen identitatearekin jolas egiten du autofikzioak, kontakizuneko datu ugarik narratzailea autorearekin identifikatzera eramaten gaituztelako, baina beste zenbaitek, aldiz, identifikazio hori ukatzera. Jolas horretan maisu dira, esaterako, Enrique Vila-Matas eta W.G Sebald (bere aipu bat azaltzen da nobelaren atarian), eta honenbestez, esan daiteke Uribe egungo nazioarteko puntako literaturarekin -edo horren zati batekin, bederen- lotzen saiatu dela. Kontua da arriskuz eta anbizioz beteriko egitasmo horrek zer-nolako emaitza ematen duen. Nire ustea da nobela hasi-hasieratik hondoratzen dela, txalupa txiki bat legez, eta irakurlea hor ibiltzen dela alde batetik bestera, olatuen higiduren mende, 233 orrialdeetan zehar.

 

Kirmen Uribe izeneko narratzaileak Bilbon hegazkina hartzen du New Yorkera joateko, eta hegazkina hartzen duenetik New Yorken lurreratzen den arteko bidaia -Frankfurteko eskala tarteko- da nobelaren istorioa osatzen duena. Istorioa hutsala da, eta, honenbestez, nobelaren muina, istorio horretan bainoago, protagonistak egiten dituen hausnarketa eta digresioetan dago. Hausnarketa horiek bi iturburu nagusi dituzte: batetik, Ondarroako eta bere familiako istorioak daude; bestetik, idatzi nahi duen nobelaren inguruko kontuak.

 

Istorio ugari kontatzen dira nobela guztian zehar; gehiegi, ene irudirako. Aurelio Arteta pintorea, Ricardo Bastida arkitektoa, Liborio Uribe (aitona) eta Jose Uribe (aita) dira, seguruenik, hausnarketa horietako pertsonaia zentralak, baina istorioak ez dira pertsonaia horietara mugatzen. Gisa guztietako esplikazioak daude gisa guztietako kontuei buruz, eta askotan loturarik ez du batak bestearekin. Kirmen Uribek (autoreak) istorio metaketaz osatu du nobela; istorioak ditu, baina ez da bakoitzarekin, orrialde gutxi batzuetatik landa, kontaketa trinko eta garatu bat osatzeko gauza. Badirudi horregatik kontatu behar dituela horrenbeste istorio; demagun, Arteta eta Bastidarenak -hemen azaltzen den moduan, bederen- ez diolako nobela bat idazteko aski material ematen. Horren guztiaren adibide behinena 22. kapitulua da -Agirreren arrosak-, non, ezustean, Resurreccion Maria Azkue eta Txomin Agirreren anekdota bat kontatzen den, euskal literaturaren inguruko gogoeta labur bat egiteko, inolako justifikazio narratiborik gabe. Hitz bitan esanda, inpresioa dut Uribe oraindik ez dela behar bezalako narratzaile sendoa, baldar dabilela oraindik ere neurri luzeko narrazioetan.

 

Bestetik, arestian aipatu dut nobela idazteko prozesua kontatzen dela, halaber, kontakizunean bertan. Hala, badirudi idazlea jasotako material eta apunte guztiak ezin lotu ibili dela, eta azkenean, maniobra borgestar hori erabili duela material sakabanatua nola edo ahala biltzeko. Kosta egiten zait pentsatzen keinu metaliterario hori aski denik nobela osoa sostengatzeko.

 

Berria, 08/12/14

Abendua 12, 2008

Partiduak irabazi ez, baina sormena bultzatu…

Haritz Beristain, Imanol Ubeda eta Gorka Urbizu-k, 2005an osatu zuten proiekuari eman zioten Peiremans izena. Izena, Realeko jokalari baten deituratik hartu zuten. Clementeren eskutik etorri zen Realera, eta oker ez banago, partidu bakar bat jokatzera ere ez zen iritsi, bere lesio eternoak zirela medio.

Orain irakurri dut Mikel Iturriaren blogean Depedro izeneko beste musika proiektu bat existitzen dela. De Pedro ere Realeko jokalaria izan zen, Peiremans baino dezente ezagunagoa.

Ezagutzen dut, halaber, proiektu literario bat zeina Jokin Uria izena edukitzekotan izan baitzen…

Kuriosoa da, bai, Realak zenbaterako ematen duten. Hona hemen proposamen eguneratu bat, noraezean, izen bila dabiltzan musika-talde, literatur-talde, sozietate anonimo, kooperatiba, alderdi politiko (EB-ko kritikook, hemen duzue aukera), gobernuz kanpoko erakunde, argitaletxe, konpartsa, txaranga eta enparauei zuzendua: BADIOLA.

Abendua 9, 2008

Aulki jokoa

 

Burukomina eragiten duen kaos honetan

musika geratu egin da eta denak

ziztu bizian joan dira aulki hutsen bila.

Iñaki izan da esertzen lehena,

hamazazpi urterekin ehun metroetan

Euskadiko Txapelduna izan zena.

Harrezkero urte mordo bat pasa den arren,

gaztetako sasoia galdu ez duela frogatu du.

Gero eseri dira David eta Maialen,

ez dute aulki libre bana aurkitzeko arazorik izan.

Peruk zikin samar jokatu du esertzeko lehian

Karlosi bultzakada bat eman dionean.

Karlosek, oreka galdu badu ere, azkenean

Maialenen alboko aulkian paratzea lortu du;

hemen ez dago epailerik, ez dago

NBO eta NBEko ikuskaririk.

Jaioneri bihotza erauzi zaio ia

aulki librerik ikusi ez duenean,

baina lasaitu ederra hartu du gero

bazter batean aulki txiki bat ikusi eta

beste inor baino lehen eseri denean;

orduan, bere alaba txikia agurtu du eskuarekin.

Azken aulki librearen aurrean Migelek

abantaila osoa du, bere egoera fisiko

mugatua ez da arazo izan hara iristeko,

dena ez baita lastertasuna.

 

Zeren ez baitakit zer gertatu zaizun,

ez duzu erreakzionatu, ez zara mugitu.

Denak aulkien bila korrika

munduan beste ezer ez zegoelakoan

eta zu plazaren erdian geldirik

ez dakit zertan pentsatzen,

hau txikitako joko bat bailitzan.

Azken aulkirantz oinez abiatu zarenerako

erabakita zegoen dena:

Migel metro erdira, esertzeko zorian.

Baina hara non aurrera egin duzun patxadaz,

halako dotoreziaz, halako lasaitasunez,

eta hara non Migel ez den eseri.

Migelek galdu egin du

munduko konpetiziorik inportanteenean;

soinekoa apur bat igo, belaunak erakutsi

eta eseri egin zara.

 

 

  

  © Beñat Sarasola