Pello Lizarralde: “Egun batez pentsatu nuen aio, García Márquez, aio, Borges eta sekulako lasaitua, eta aldi berean, bultzada berezia sentitu nuen”

Niretzat ohore bat blog honi behin-betiko amaiera ematea Pello Lizarralderi egindako elkarrizketa honekin.

Segi fin!

lizarralde1Argazkia: Beterriko Liburua

-Hilabete batzuk joan dira honezkero Iragaitzaz –ilunbistan- publikatu zenetik. Zer nolako harrera izan du liburuak orain arte?

Pozik nago oso, eta, aldi berean, harrituta. Liburua taxutzen hasi orduko konturatu nintzen soka inoiz baino gehiago tenkatu behar nuela, latzagoa izango zela. Latza, adiera guztietan. Horregatik “Iragaitzaz” bukatu aurretik nire buruari esan nion prest egon behar nuela, oso litekeena zela liburua oharkabean pasatzea. Ez da hala izan. Ezin dut gehiago eskatu. Liburu asko argitaratzen dira eta zureari erreparatzen diotenean esker oneko agertu behar duzu.

Lehen lehenik zortea izan dut editoreekin. Ez dut sekula arazorik izan argitaratzeko orduan, eta ez didate matrakarik eman, bakean uzten naute.

Gero, bereziki, kazetariak aipatu behar ditut. Konturatu naiz haien artean ere badaudela literatura zaleak. Gogotsu eta liburua irakurri ondoren etorri zaizkit gehienak. Elkarrizketa luzeak eta ongi prestatuak egin dizkidate, ahalegindu egin dira.

Larrepetit argitaratu zenean baino kritika edo iruzkin gutxiago atera dira azken liburu honetaz. Eskatzekotan kritika izena merezi duten gehiago nahi nituzke. Gehixeago ikasteko, besteak beste…

Irakurleen iritziarena kontu argiagoa eta, aldi berean, ilunagoa izaten da. Iritzi asko jaso ditut, beti jaso izan ditut. Normala izaten da aldeko gehiago iristea, irakurlea gehienetan edukatua izaten baita, eta liburua gogoko izan ez duena isildu egiten da. Hala ere, zeharka ari direnean ere ez da oso zaila antzematea interes eza edo dezepzioa: “ez da ezer gertatzen”, “oso laua da”, “errepikakorra batzuetan”, “exigentea”, “irakurleak asko jarri behar du bere aldetik” eta antzekoak entzunda seinale da irakurle horrek ez duela askorik gozatu. “Interesgarria” dela esaten didanak ere badakit ez duela gustuko izan.

 

-Liburuaren haritik emandako elkarrizketetan narraziogintza molde zehatz bat proposatu duzu. Nobela irakurri duena laster ohartuko da proposamen hori ez dela oso ohikoa gure literaturan. Zertan oinarritzen da narraziogintza hau?

 

Ni idaztera iritsi naiz irakurzalea naizelako. Beste askorentzat bezala niretzat irakurtzea ere bizitzea da. Horregatik, idazten dudanean ere antzeko zerbait sentitu nahi dut.

Irakurtzen dudan guztia aipatuko banu, ordea, idazten dudanetik franko urrun dauden liburuak daudela esango lukete batzuek. Normala da, bide ugari urratu baitira literaturan. Dena dela, aitortu behar dut jakinmina galdu ez dudan arren, ez naizela sobera aldentzen hurbila zaidan lurraldetik.

Idazteko orduan zorrotzagoa naiz; badakit nora begiratu eta seguru xamarra naiz. Ez dut eredurik eta ez naiz eredu bat proposatzeko gauza, baina argi dut zer den nahi ez dudan hori eta zein den sekula zapaldu nahi ez dudan lurraldea.

Idazten dudanarekin, konparazio batera, ez dut inor dibertitu nahi. Ni ere ez naiz dibertitzen idaztean. Zalantzen zurrunbiloan nekeza da hori. Plazebo hitza aipatu dute batzuek honetaz mintzatzean, eta hitz egokia iruditzen zait. Jakina, ederra da dibertsioa bilatzea eta eragitea, baina ez ahanztura helburu hartuta. Oso zaila izanagatik, niri interesatzen zaidan literaturak “gogoangarria” izateko asmoa du (eta ahal baduzu kendu tronpeta soinua hitz honi).

Ideiek ere ez naute idaztera bultzatzen. “Ideia onak” txarrak izaten dira askotan, kanpotik idaztera eramaten zaituztelako. Hala ere, tradizioak esaten du barrenetik idazten duten asko oso kanpotik ari dela, tartea jartzen baitu.

Gero hor dago, inoiz baino biziago, XIX. mendeko mitoa: idaztea istorio on bat kontatzean datza. Istorioa bat berez ez da ezeren berme.

Nik nahi dudan horretan literatura errealitatearen elaborazioa da eta idazlea da iragazki. Eta idazlearen itxaropena konplizeak bilatzean datza, bakardadea erabatekoa izan ez dadin.

Horretarako hitz guztiak neurtu behar ditu, soberakoa saihestu eta edertzeko eta azpimarratzeko tentaldiak baztertu. Apaingarririk gabeko literaturaren aldekoa naiz. Film bat ikustera joaten naizenean ez naiz soinu banda entzutera joaten, irudiak berak ematen ez dizunak ezer gutxi balio du eta ez du ezer salbatuko. Orduan erakustaldirako joera izaten da, egile askoren belarriak gozatzen dituen esaldiaren bila: “zein ongi idazten duen!”

Ez dakit zer den “ongi idaztea”, baina ez da hain zaila antzematen nor ari den “benetan”. Asmo handiegia da beharbada, baina idazten dudan guztiaren muinean ni agertzen naizela sentitu nahi nuke, autobiografia etengabean. Bestela ez du merezi.

 

 

-Nahiko ezohikoa da zure idazketa proposamen konkretua, testuinguru “postmoderno” honetan, non eremu gehienetan, eta bereziki artean, bide guztiak zilegiak diruditen. Literatura ona egiteko bide eta moduak ugariak direla, eta eskola literarioen garaiak pasa direla, esango zizun batek baino gehiagok.

 

Afera honetan hobe da begi bistakoa ez errepikatzea. Alferrik hasiko gara gustuez eztabaidatzen. Alderdi asko daude azaldu edo arrazoitu ezin direnak, bizi izan duzunari lotuta daude, eta horrela dira eta kitto. Nik ez dut inoiz zientzia-fikzio generokorik irakurtzen, ez ditut komedia musikalak ikusten eta ez dut jazza entzuten. Egin ditut ahaleginak, baina alferrik.

Dena ez da gustua, ordea. Badago honetan dena aldatzen duen kontu bat: zer edo zenbat “jarri eta jaso” nahi duzun irakurtzen eta idazten duzunean.

Artean badira konbentzio batzuk eta ez zaie garrantzi handirik eman behar. Generoek, taldeek, mugimenduek, eskolek eta bestelako sailkapenek ez dute askorik balio. Dena dela, normala da eta batzuetan lagungarriak zaizkio irakurleari, mapa moduan erabil baititzake.

Nik uste idazleek, oro har, ez dituztela kontuan hartzen. Idazten hasten denak lurralde bat bilatzen du, eta hura topatzen duenean ibiliari ekiten dio lurralde horren izenaz arduratu gabe. Hori bai, berehala konturatzen zara zein diren hurbilekoak eta konplizeak.

Izaerazko lurralde horretatik aldentzen garenean irristatzeko arriskua askoz ere handiagoa da. Normalean ez naiz fido generoan, kezkan, aitzakietan edo besteetan jauzi handiak egiten dituzten idazleekin. Halakoetan jolaserako edo ariketarako asmoa egoten da maiz, eta horrek berriz erakustaldira garamatza. Antzeko zerbait gertatzen da askotan metaliteraturan murgiltzen direnekin. Tentu handiz ibili behar da hari horri tiraka hasiz gero, maisu gutxi eta oso handiak baitira eremu horretan. Ildo horri jarraitzea hautatu dutenek etengabe erakutsi behar dute zenbat irakurri duten eta zenbat maite dituzten liburuak, baina haienak irakurrita ezin dut igarri nolako gizakiak diren eta zein kezka dituzten. Literatura burges jasoaren erakusgarri garbi dira sarritan.

Postmodernitatea aipatu duzu. Niri ezer gutxi lagundu didate posmodernoen proposamenek. Orain dela hogeita hamar bat urte bizi dugun nahasmenduaren isla da. Ordura arte kontuan hartzen zena hankaz gora jartzen ahalegindu dira, baina nik uste asko eta asko inboluzionistak direla. Ez dira eszeptikoak, jende nekatua eta zinikoa baizik, eta horrela sentitzen denak ez du proposamen interesgarririk egiteko aldarterik.Hain maitea omen duten eklektizismoak pastichearen hedatze ikaragarria ekarri du eta eredu zaharkitu batzuen berpiztea.

Zinismoak urrundu nahia dakar, eta urruntze horrek azkarrago eraman zaitzake gezurrera. Oinazea eta gatazka benetan ezagutu duenak ahaleginak egiten ditu gezurra saihesteko, eta besteengana iritsiko bada bere burua jarri behar du erdi-erdian, errukirik gabe, amarrurik gabe.

Arteak krisialdi latza eta luzea bizi du, eta hainbeste zalantza dagoen garai honetan normalak dira eztabaida eta polemika. Zinema munduan, esaterako, biziki interesatzen zaidan hausnarketak zabaldu dira fikzioaren eta dokumentalaren mugak direla eta. Literatura arloan gure plazara eta ingurukoetara ateratzen diren gehienak urrunak zaizkit, ez didate laguntzen. Internet eta literatura, teknologia berriak, euskarrien aldatzea… Gehienetan eztabaida hutsalak iruditzen zaizkit, unibertsitateko irakasle aspertuen kezkak.

Badira funts gehiago duten kontuak, jakina. Zinema arloan dabilen kezka bera iritsi da literaturgintzara. Fikzioaren mugez edo heriotzaz mintzatu direnek hausnarketa interesgarriak egin dituzte. Batzuetan, ordea, ez dut proposatzen dutena ulertzen, beharbada ez dagoelako nire kezken artean.

Hainbeste bide urratu den garai honetan jarraibide ugari dago eta askatasun handia idatzi nahi duenarentzat. Nik nahikoa daukat iritsi zaizkigun aukera horiekin. Joan den mendea oso emankorra izan da sortzaileentzat, berritzeko obsesioak jota daudenak puska batean mututurik uzteko modukoa.

Eredu batzuk, nire ustez, hilda daude aspaldian; beste batzuek beti iraungo dute, eta berriak ere etorriko dira, baina ez halakok iragarriak dituelako. Oharkabean iritsiko zaizkigu, berria mantso mamitzen baita.

 

 

 

-Sarritan aipatzen da zure narratzeko molde honen eta zinemagintzaren arteko paralelismoa. Niri, zehazki, zenbaitzuk “Errealaren zinema” deitu izan dioten zinemagintza mota horretako (José Luis Guerin, Abbas Kiarostami, Jaime Rosales, Victor Erice…) filmak gogora ekarri dizkit Iragaitzaz-ek.

 

Bai, zinegile horiek eta beste asko oso gogoko ditut (Guerin ez hainbeste) Zinema zale amorratua naizela esan liteke eta urteak pasa ahala zaletasun horrek ez du behera egin. Neurri berean naiz rock zalea. Film, argazki, disko, kontzertu, liburu eta bidaiez betetako zaku bat garraiatzen dut. Horiek ikusi, entzun, irakurri eta ibili eta gero ezin da orain dela mende bat bezala idatzi.

Irudipena dut zinema jakin batek liburu askok baino gehiago laguntzen didala idatzi nahi dudanari ekitean, beharbada errealitatera hurbiltzeko borondate argiagoa ikusten diodalako eta formari dagokionez beste zerbait bilatzeko nahi biziagoa.

-Kuriosoa da, zeren zinemaren eta ikusentzunezko kultura bisualaren eragina aipatu izan da idazle belaunaldi gazteen ezaugarritzat (hor daude, adibide gisa, Harkaitz Cano eta Irati Elorrieta). Haatik, gazteek idazten dutena, oro har, ez dauka zerikusi handirik zuk egiten duzunarekin.

 

Gure idazle gehienen lanetan nik ez dut zinemaren batere eraginik antzematen eta, neurri batean, are gutxiago topatuko dugu idazle gazteen liburuetara joz gero. Erreferentziak maiz tartekatzen dira, mitoak haienganatu dituzte, baina zinema zaletasunak ez die begiratzeko modua aldatu. Irudi kontsumitzaile izatea ez da inondik ere begirada berri bat zureganatzeko berme. Askotan kontrakoa gertatzen da, nonbaitetik edatekotan, Hollywoodeko zinema standard-etik edaten baitute, eta zinema horren grina bakarra eredu zaharkitu eta seguruen errepikatzean datza, istorio on bat eta sentimentaltasuna oinarri dutela. Alegia, XIX. mendea gaurkotuta eta helburua argi: ikuskizuna.

Joera horrekin batera kontserbatismo berri bat errotu da bai mamian eta bai forman. Eta hori da nik ikusten dudan joera nagusia, baita gurean ere.

 

-Lehenengo nobela publikatu zenetik ia hogeita bost urte pasa dira. Narratzeko eredu hau piskanako prozesu gisa ulertzen al duzu, edo aitzitik, momentu zehatz batean jabetu zinen horrela idazteko beharraz?

 

Ikasbide eta ikusbide behinena liburuetan topatu dut. Nik uste beti dagoela prozesu bat, eta presarik ez izateak mesede egiten du, baina komenigarria da zenbait aukera goiz egitea, hanka sartzeak gutxitxeko, besteak beste. Ni goiz xamar ohartu nintzen bazeudela beste bide batzuk. Eta hori irakurzaletasunari zor diot. Liburu asko eta asko irakurri dut, eta irakurri ditudan gehienez oroitzapenen bat geratzen zait. Gutxi dira, hala ere, zirrara berezia egin didatenak, bizi duzunaren muinera iritsi eta dena argitzen dutenak.

Nerabezaroan oso inportanteak izan ziren niretzat gaztelaniaz idazten zuten errealista espainiarrak. Lehenengo lilura, ordea, hemezorzti urte nituela izan nuen, Julio Cortázarren liburuekin. Denak irakurri arte ez nuen sosegurik izan. Alabaina, Cortázar maisu zaila da, imitaezina. Antzeko zerbait gertatu zitzaidan sei bat urte geroago Faulknerren obrarekin.

Zubi bat ere izan zen: Pavese. Dena irakurritakoan, bere egunerokoa hartu eta Piemontera joan nintzen, Torino kurritu nuen…

Benetako errebelazioa, zalditik bota ninduen tximista bi lilura haien artean etorri zen, Peter Handkeren lehenengo liburuekin eta Wim Wendersen filmekin. Ezin ditut bereizi. Uste dut ahazteko ahalmena franko garatua dudala, baina oraindik bizi-bizirik daukat lehen aldi haietako dardara.

Horiekin batera alemanez idazten zuten beste batzuk iritsi ziren: Bernhard batez ere, eta Frisch, Schneider, Lenz, Walser… Euskaraz, zorionez, Saizarbitoria genuen. Niretzat, oraindik ere, haren “Ene Jesus” da euskaraz idatzitakoen artean nire libururik gogokoena.

Urte zoragarriak izan ziren. Intuizio bat nuen, eta ezer gutxi nekien. Orduan pentsatu nuen “aio, García Márquez”, “aio, Borges”, eta sekulako lasaitua eta, aldi berean, bultzada berezia sentitu nuen. Eta nik uste sentsazio hori jada nire lehenengo liburuan antzematen dela.

Ikaragarri gozatzen nuen irakurriz. Liburu on bat irakurri eta hurrena hobea iruditzen zitzaidan. Lilurak ez zuen etenik. Jarraian eta oso tarte laburrean etorri ziren Ipar Amerikako klasikoen nobela beltzak, Highsmith handia eta Natalia Ginsburg, Modiano, Celati, Vittorini, Sciascia, Scott Fitzgerald, West, Maupassant… Geroxeago beste mugarri bat: Carver. Eta hari esker Txekhoven eta Hemingwayren ipuin erabakigarriak. Carverren bidetik Bobbie Anne Mason, Tobias Wolf, Richard Ford, Richard Russo, Jim Harrison, Russell Banks…

Beste austriar batek hartu zidan berriz ere burua: Hans Lebertek.

Eta azken hogei urtetan gehien eman didan idazlea Cormac McCarthy izan da.

Bidaia honetan garrantzi handiko beste geralelu batzuk ere izan dira: Bohumil Hrabal, John Berger, Alice Munro, Annie Ernaux, Xalamov… Eta poemak: Rilke, Pessoa, Char, Ponge… Noiznahi hartzeko: Montaigne, Camus, Pasoliniren gutunak…

Zortzi bat urte dira alemanez idazten duen beste baten nobela guztien zain egoten naizela, irrikan. Izan ere, Wilhelm Genazinoren nobelek hasierako Peter Handkeri irakurri nizkion haien muinera eramaten naute.

Izen askotxo, seguru aski. Nondik nora ibili naizen erakusteko balioko ahal dute! Ziur nago aurreko egile horien liburu batzuk irakurri dituena hobeki ohartuko dela nire nahiez eta ezinez. Niretzat liburu horien artean bada lokarri ikusezin bat. Jakina, beste batek berdin esan lezake ezerk ez dituela lotzen.  Eta denok arrazoi. Azken batean ez dira sekula bi ibilbide berdin izango.

Dena dela, nik esango nuke liburu horietatik ateratzen diren geziek ez dutela errepide bakarra erakusten, baina bai norabide beretsua. Hor nabil ni tirrriki-tarraka.

 

-Nik ez nuen somatu hainbesterako diferentzia, baina entzun izan dut Larrepetit-en oraindik bazegoela trama edo istorio bat, mehea bazen ere; baina Iragaitzaz-ekin urrats bat gehiago eman duzula hoztasun eta soiltasun horretan. Hala ikusten duzu zuk ere?

 

Ulertzen dut irakurle haiek esan nahi dutena. Larrepetit-ek hari narratibo klasikoagoa du. Horri batzuek “intriga” deitzen diote. Hala ere, ez dut uste ildo horretatik inora iritsi daitekeenik. Atsegin gutxi ematen du, eta irakurle horien itxaropenak laster zapuzten dira, nire liburuetan ez baitago ez konklusiorik ez helbururik (ezta isildutakorik ere).

Horretan ez dut inoiz dudarik izan. Hasi nintzenetik eten puntuen arteko narrazioak idatzi nahi izan ditut. Beti dago zerbait hasi aurretik eta baita azken hitza jarri eta gero ere. Jakitun naiz aukera horrek asegabetasuna eta desosegua eragiten diela irakurle batzuei.

Badago, gainera, garai bateko literaturak ekarri zuen bizio bat, eta horren kontra jo nahi izaten dut. Nire ustez Gilles Deleuzek zinemaz eta denboraz idatzi zuen liburuan esaten zuena berdin ekar liteke literaturara: “Zinema modernoak honako galdera hau du ezaugarri:”zer ikusi behar da irudi honetan?” eta jada ez “Zer ikusi behar dugu hurrengo irudian?”.

Horrek beste leku bat bilatzera behartzen gaitu. Zer irakurri behar da hemen eta non nago irakurtzen ari naizen bitartean?

 

 

-Iragaitzaz nobelan bertan ere halako bilakaera bat nabaritu daiteke. Hasierako orrialdeak geldoagoak iruditu zaizkit, Lasterrek kamioia hartu eta bideari ekiten dion momentutik aurrerakoen aldean.

 

Zuk galdetu arte ez dut horretaz pentsatu. Beharbada Lasterrek, itsasoan luzaro ibili eta lehorrera jaitsi den marinelak bezala, baldar botatzen du pausoa, ez da ongi moldatzen eta ibilera traketsa du. Kamioizalea bere kamioia uztera eta aldi batez beste ibilgailu batzuk hartzera behartzen dutenean, beste batzuek markatzen duten abiadurara moldatzera behartuta dago. Kamioia eskupean izateko ohitura du, nahi duenean gelditzen da edo bizitzen du abiadura, bera da jaun eta jabe neurri handi batean. Beste batena hartzen duenean berreskuratzen du nagusitasun hori, ohartzen baita zer zegoen beste kamioizale horren gogamenean, eta, gainera, Lasterrek bere buruari ezarri dion betebeharrerako akuilu du.

 

 

-Inork aipatu izan dit Iragaitzaz-ekin emozionatzeko ezintasuna, ez duela emoziorik aurkitu orrialde horietan; eta nola edo hala, literaturak, ona izango bada, irakurlearengan emozio minimo bat eragin behar duela.

 

Nik ere entzun ditut horrelako iritziak, eta baita kontrakoak ere.

Ezer gutxi esan diezaioket hori sentitu duenari. Idaztean aukeratu egin behar da eta arriskuak hartzen dira. Gainera, ez dago ahazterik nolako esperientziak jaso ditugun gizabanako eta irakurle gisa. Eta gustuez eztabaidatzea alferrikako lana hartzea da.

Nire aldetik, esan dut lehen ere, ez dut apaingarririk nahi nire liburuetan, ez dut ezer azpimarratu nahi, ez dut ezer jantzi nahi, exotismoa eta deigarriak gorroto ditut. Areago, egokitu zaigun garai honetan espektakuluak hartu duen garrantzia ikusirik, defentsa zuzenena kentzea da, biluztea…

Iruditzen zait soiltasunak mesede egiten diola nik idatzi nahi dudanari, urrunetik begiratzeak sakonago sartzen laguntzen didala. Beste bide bat dago hor. Nik ez dut inoiz idatziko “halako triste dago”. Hori niretzat frakasatzea da. Bestelako bideak hobesten ditut.

Idazten duzunean idatzi ez duzuna ere agerian geratzen da. Liburu guztietan daude idazten ez duzuna eta isiltzen duzuna. Eta ez dira gauza bera. Nik itxaropena dut idazten ez dudan horrek gune jakin batera eramango duela irakurlea, eta gero isildutakoa beteko duela. Hor dago liburua, edo “beste liburua”. Jakina, gune horretara heltzean oso erraza da huts egitea.

Advertisements

2 Iruzkin

Elkarrizketak, Literatura atalean

Agur eta beste bat arte

Bukatu da. Urte bete pasatxo blog hau ireki nuela eta honi guztiari amaiera emateko garaia iritsi dela iruditzen zait.

Badakizue, blogak krisian dira, demodé daude jadanik, orain sare sozialen garaia omen. Obama berak ere berriki kritikatu du blogen inguruko zenbait kontu. Liburu berria atera dut (Alea) eta isilago egoteko garaia ailegatu da.

Hauxe izango da azken aurreko mezua; azkena, ondo bidean, euskal idazle bati egindako elkarrizketa izango da, oraindik ez dakidana noiz publikatu ahalko dudan. Adi egon, edonola ere, interesatzen bazaizue.

Esker mila hilabete hauetan guztietan txoko honetara gerturatu zareten guztioi; bereziki parte hartu duzuenei, eta erregularki parte hartu duzuenei. Berriako iruzkinetan-eta jarraituko dugu elkar ikusten, hala nahi baduzue.

10 Iruzkin

General atalean

Alea

Denak zaudete gonbidatuta, denak zarete ongi etorriak.

Alea liburuaren aurkezpena:

Martxoaren 17a (asteartea) 12:00etan Sotoan (San Jeronimo kalea, Donostia)

Iruzkin 1

Literatura atalean

Adierazpen bat “condemn” hitza erabili gabe

http://www.sinnfein.ie/news/detail/37765

Iruzkin bat utzi

General atalean

Neil Young Donostian

Neil Younek joko du Anoetako Velodromoan maiatzaren 31. Nire lagunek ez dute nahiko joan, are gutxiago 60€tan egonda sarrerak. Tom Waitsen aukera pasatzen utzi nuen, baina hau bai ez dudala galdu nahi.

Help me!

Iruzkin bat utzi

Musika atalean

Aturem Bologna

Bihar, hilak 26, ikasten ari naizen unibertsitatean –Universitat de Barcelona-n-, erreferendum bat egingo da “Bologna prozesua” terminoarekin laburtzen den unibertsitate mailako aldaketen inguruan. Prozesua gelditzearekin ados ote zauden da galdetzen dena. Nik “bai” bozkatuko dut.

Luze eta zabal hitz egin da plan honen inguruan, baina Euskal Herriari dagokionez, deigarriena egin zaidana zera izan da: prozesu honen aurrean osatu den oposizioa nola kriminalizatu den. Betiko silogismo itsua erabiliz: Ezker Abertzaleak egiten duen edozer gauza automatikoki arbuiagarria (inkluso ilegala) da > Ezker Abertzalea (Ikasle Abertzaleak) Bologniaren kontra dago, ergo Bolognia prozesua defendatu behar dugu.

Hori alde batetik, zeren bestetik, zenbait teknokrata abertzaleren maskara kentzeko balio izan du eztabaidak, abertzale hauei modelo ultraliberalak nola gustatzen zaizkien argi eta garbi utzi baitu (Bolognaren arazo bakarra euskara baztertzeko arriskua omen!).

Euskal Herriko egoera politikoak dena nahasten du eta batzuetan ez dizkigu gauzak ongi ikusten uzten. Errealitatea hauxe da: Euskal Herritik kanpo ez dago zalantzarik, ezker guztiak (ez naiz ari black-block-eko jendeaz soilik, ezkerrekoak omen diren beste hainbat sektore baita ere) bat egiten du prozesu honen kontra. Eskuinak Bologniako prozesua defendatzeko, hala Euskal Herrian, nola gainontzeko lekuetan, erabili duen argudio sakon eta elaboratu horietako bat prozesuaren kontra daudenak “gazte ezjakinak” direla izan da, auzia ezagutzarekin lotuta dagoen kontu tekniko bat balitz bezala (oro har auzi politikoetan eskuinak hartu ohi duen estrategia nagusietako bat, bestetik). Ez dute ulertzen, edo ez dute ulertu nahi, arazoa politikoa dela, ez jakintzazkoa. Hala, esaten da 1999ko Bolognako adierazpenak ez duela kritikatzen zaion hori guztia (merkatuarekiko menpekotasuna, sektore pribatuaren indartzea, humanitateen zokoratzea eta abar.) esaten, eta neurri batean egia da, adierazpen hori tautologiaz, orokortasunez eta nabarikeriaz osatutako hiru orrialdeko testu happyflya baita. Marka litzateke gero hiru orrialdetan kapitalismoaren eta neoliberalismoaren printzipioak laburtzea! Ez dira hain inteligenteak! Bolognako prozesua, egiatan, adierazpen konkretu hori baino gehiago da.

Eta hori, Bolognako adierazpenak jadanik gordetzen duela halako hizkuntza merkantilista susmagarri bat non “lehiakortasuna”, “kalitatea” eta “metodologia komun” bezalako termino adierazkorrak gailentzen diren. Bologniako deklarazio horrek, beraz, bere prosa txepelaren atzean, ondo asko ezkutatzen du potentzialki Europa mailako maniobra politiko hau izango dena. Eta ez da ni aztia naizela. Zapateroren gobernuak onartutako “Documento-Marco” delakoak (Bologna Espainian praktikan ezartzeko irizpideak zehazten dituena) argi asko uzten baitigu kontua (eskertzekoa da, egia esan, itzulinguruka ez ibiltzea):

“Los objetivos formativos de las enseñanzas oficiales de nivel de grado tendrán, con carácter general, una orientación profesional, es decir, deberán proporcionar una formación universitaria en la que se integren armónicamente las competencias genéricas básicas, las competencias transversales relacionadas con la formación integral de las personas y las competencias más específicas que posibiliten una orientación profesional que permita a los titulados una integración en el mercado de trabajo. A este respecto, resultará esencial en el proceso de diseño y elaboración de las enseñanzas oficiales del nivel de Grado no sólo su armonización con las titulaciones consolidadas en otros países europeos en cada uno de los ámbitos científicos, técnicos y artísticos, sino la estrecha colaboración entre los responsables académicos y los de las asociaciones y Colegios Profesionales.”

Uste dut gauzak ez duela komentario gehigarririk behar; esan gabe doa testu zati hori adibide bat baino ez dela. Oso ondo iruditzen zait, gainontzeko lekuetan bezalaxe, Euskal Herriaren ere Bolognako prozesuaren aldeko ahotsak egotea, baina utz ditzagun gauzak argi eta garbi: Bologna prozesua defendatzen dutenek hezkuntza eta gizarte eredu merkantilista-liberal-kapitalista (to!) defendatzen ari dira, nahi duten hitz polit, ñabardura, gurasokeria eta jarrera harroarekin, baina horretan ari dira.

Egungo unibertsitate sistema zaharkitu, atrofiatu, burokratiko, geldo eta errutinarioa aldatzeko beharra dagoela ez dago inongo dudarik, baina ez gara hain tontoak ere aitzakia horrekin Bolognaren porru hau sartzen uzteko.

9 Iruzkin

General atalean

Subordinazioaren kontra, Imanol Galfarsoro

Subordinazioaren kontra irakurtzen ari nintzen bitartean, Noam Chomskyk eta Michel Foucaultek 1971n Amsterdamgo Unibertsitatean edukitako eztabaidarekin akordatu naiz. Horra hor ezkerrean kokatu ohi diren bi intelektual erreferentziazko, zeintzuen artean amildegi sakon bat baitago: asko laburbilduz, batak, Chomskyk, tradizio liberaletik edaten du, eta besteak, Foucaultek, ostera, «susmoaren filosofiaren» ildotik (Marx-Nietzsche-Freud). Foucaultek momentu batean zera aipatzen du: «Proletargoa ez da klase dominantearen kontra borrokatzen bere gerra justua dela uste duelako; borroka egiten du zeren, historian estreinakoz, boterea eskuratu nahi du. Eta klase dominantearen boterea deuseztatuko duelako iruditzen zaio bere gerra justua». Chomskyren erantzuna laburra da oso: «Ez nago ados». Foucaultek berriz ere: «Gerra irabazteko egiten da, ez justua delako».

Foucaulten tesi horien gerizpean koka daiteke, halaber, Imanol Galfarsororen liburu berria. Oinarrian, liburua Joseba Zulaikaren azkeneko liburuari (ETAren hautsa-ri) emandako erantzuna da. Zentzu orokorrago batean, Slavoj Zizek pentsalari esloveniarrak unibertsalismo eta kosmopolitismoari egindako kritikaren aplikazioa euskal errealitatean. Hala, Galfarsororen kritikaren jopuntu nagusiak, Zulaikaz gain, Jon Suduperen «fikzio posnazionala» eta Bernardo Atxagaren Euskal Hiria dira, hots, euskal intelligentsia-ko alderdi «humanista»-edo (subordinatua, Galfarsororen hitzetan). Esango nuke Chomsky eta Foucaulten artean dagoen amildegi bera dela Galfarsoro eta beste euskal pentsalari hauen artean dagoen zuloa.

Alde horretatik, Galfarsororen proposamena iraultzailea da oso, eta, nire ustetan, Zulaikak-eta Galfarsoro kokatzen den «Euskal Herrian azken 40-50 urteetan eratu den Ezkerrari» -Ezker Abertzaleari, alegia- egin dizkioten kritikei aterabidea bilatzeko modurik bikainena. Galfarsororekin ados ala desados egon, ukaezina iruditzen zait bere operazio intelektualaren argitasuna, ia aurrekaririk gabekoa gurean (nahiko adierazgarria, zentzu honetan, Joxe Azurmendi izatea hitzaurrearen egilea). Hala, Subordinazioaren kontra, Ezker Abertzalea egungo teorizazio ezkertiar abangoardistenekin (desberdintasunak desberdintasun, hor leudeke, besteak beste, Toni Negri, Alain Badiou, Chantal Mouffle eta, jakina, Zizek) pentsatzeko saiakera da. Sozialdemokrazian erorita erridikulua egin nahi ez duen edozein planteamendu ezkertiar testuinguru teoriko horretan kokatu behar dela kontziente izanik, Galfarsorok askapen nazionalaren aldeko borroka -euskal estatuaren aldekoa- euskal gizarteko elementu askatzaile funtsezkoenetakotzat jotzen du. Puntu honetan ezkerretik kritikatzen ahal da Galfarsororen zenbait ikuspuntu; esaterako, askapen nazionalaren borrokan erroturik dauden zenbait ekinbide sakonean subordinatu adieraziz, estatuaren halako garrantzia zalantzan jarriz (autonomismotik), edo askapen nazionalaren borrokan kokatzen ez diren beste zenbait euskal borroka askatzaile azpimarratuz. Haatik, saiakera honek ezkerraren eztabaida gaur egun dagokion lekuan kokatzen du lehenik, eta gisa honetan, ikerketa bide berri emankorrei bidea irekitzen.

Liburuaren irakurketa ez da samurra; edukia bera, mendebaldeko uste eta fede politiko errotuenak leherrarazten dituen heinean, samurra ez delako, eta idazkera ere nahiko «prosaiko zabarra» delako, Zizekena bezalaxe. Nolanahi dela, Subordinazioaren kontra euskal saiogintzako azkenaldiko emaitzarik aipagarrienetakoa da, dudarik gabe.

Berria, 09/02/22

Iruzkin bat utzi

Literatur kritikak atalean