Hil ezazu Aita!

“Euskal literaturako Aita ez du inork hil” horixe entzun nuen behin kalean, ez dut ondo oroitzen supermerkatuko ilaran izan zen, edo igerilekuan, edo ileapaindegian, baina horixe entzun nuen. “Eta nor da ba euskal literaturako Aita?” galdetu zuen despistatu batek, “Bernardo Atxaga” erantzun zion besteak.

Ordura arte ez zitzaidan sekula otu halakorik, baina ondo pentsatuta, ematen du egia dela, Atxagaren ondorengo belaunaldiek bere aitaren ildoa jarraitu dutela nolabait, bere kontra joan beharrean. Harold Bloomek The Anxiety of Influence liburuan aipatzen zuen poetek antsietatea sentitzen zutela bere aurreko Poetaren (Aitaren) eraginarengatik. Poetak originala izan nahi du eta horregatik bere Aitaren eragina ekiditen saiatzen da kosta ala kosta. Euskal literaturan, ordea, ez da sumatzen antsietate horren zantzurik. Ezagun da Atxaga berak garaiko Aita (Gabriel Aresti) hil zuela Etiopian, halaxe dio Jon Kortazarrek Luma eta lurra liburuan: “Harea (Etiopiako sinbolo indartsuenetako bat) hori poesia sozialaren sinbolorik nagusienaren ironia da. Gabriel Arestik, gaurko euskal poesiaren fundatzaile eta aita freudianoak, Euskal Herria sinbolizatzeko harriaren ikurra erabili zuen. Hareak jadanik ez den harria adierazten du, harri desegina, harri joa, jarri desagertua.” Aresti honezkero tokitan dago eta egun Atxaga bera bilakatu da euskal literaturako “aita freudianoa”.

Baina, lehenago aipatu legez, Atxagaren ondorengo belaunaldiek badirudi ez dutela egin berak Arestirekin egin zuena, alegia, Aita hil beharrean gurtu egin dutela. Seguruenik adibide garbiena Lubaki belaunaldiarena da, zeinak Atxagaren, eta oro har, Pott Bandaren eragin nabaria izan baitu, eta ez soilik Lubaki Bandaren barnean, bere kanpo ere Atxagaren (Obabaren, zehazkiago) itzala luzea izan da (Unai Elorriaga, Julen Gabiria…). Jakina, honek ez du esan nahi idazle hauek guztiak Atxagaren kalkoak direnik, ezta gutxiago ere, baina uste dut bere eragina saihesteko lan handiegirik ez dutela egin ere (eta ez zeuden horretara behartuak, esan gabe doa). Gainera, autore bakoitzak bere ibilbidetxoa egiten ari da, eta egia da halaber, zenbaitzuk eragin horretatik aldentzeko ahalegina egiten ari direla.

Tropelaren belaunaldiaren kasua ezberdina da. Bertako idazle asko Atxagaren estetikatik urrun kokatu dira, ez du zerikusi handirik beraiek egiten dutena Atxagak egin izan duenarekin (bere ibilbideko ñabardurak ñabardura). Hala ere, bi gauza kontuan hartu behar dira: belaunaldi honetako idazle asko idazten hasi zirenean oraindik Atxaga ez zen kanonizatua izan edo kanonizazio bidean zen, hots, oraindik ez zen euskal literaturako Aita, eta honenbestez, euren lanak Aitaren kontrakotzat hartzea anakronikoa litzateke. Bigarrenik, belaunaldi honek ez du indar mediatiko handirik izan (Tropelaren inguruko eztabaidan zenbaitzuk salatu zutenez) orain gutxi arte bederen, eta beraz, nahi izanda ere ez zuten ez gaitasunik ez eta indarrik izango Aita hiltzeko. Atxaga kanonizatu ondorengo lehenengo belaunaldia eta gaitasun mediatiko nabarmena eskuratu duena Lubakirena izan da, baina Aita hil beharrean gurtu egin du.

Hala, iruditzen zait azken urteotan, mende berriaren lehenengo hamarkada honekin batera, belaunaldi berri bat osatzen ari dena, zeina Aita hiltzeko borondate handiagoa erakusten ari baita. Idazle hauetako askok, adibidez, Atxagaren poetikatik urrun dauden idazleak aldarrikatu dituzte, horietako dezente Tropela belaunaldikoak (bide batez, azken aldiko belaunaldi honen birbalorazioa ulertzeko balio dezake honek). Eider Rodriguez gertuago dago Ramon Saizarbitoriatik Atxagatik baino, esaterako, eta irakurri izan diot Karlos Linazasororen literatura estimuan duela. Azken aspektu honetan bat egiten dute Uxue Apaolazak eta Ibon Egañak (ez da Literaturaren Zubitegian azalduko, baina literatur kritikoak kontu hauetan ere aintzat hartzekoak direla uste dut). Harkaitz Zubirik Xabier Montoiaren liburuak nabarmendu zituen berriki Beterriko Liburua aldizkarian egin zioten elkarrizketan, eta Zakur kale irakurri ondoren inor ez da harrituko erantzun honekin. Angel Erroren poesia (Eta harkadian ni batez ere) Rikardo Arregiren poesiarekin erlazionatu daiteke euskal poesigintzako beste ezerekin baino. Katixa Agirrek Iban Zalduaren lanak seinalatu izan ditu… Adibide gehiago jarri daitezke, baina nahiko adierazgarria iruditzen zait idazle hauek Obaba atzean utzi eta bide berriei ekiten ari zaiela, euskal literaturari haize berriak ekarriz. Atxaga zuzenean hiltzeko asmo garbirik ez dute erakutsiko agian, baina nobela beltza zaleek ondo dakiten gisara, erailtzeko modu sotil eta diskretuenak dira ederrenak.

2 Iruzkin

Literatura atalean

2 responses to “Hil ezazu Aita!

  1. IbanZ

    Bi hausnarketa artikulu iradokitzaile honen harira:

    a) Agian errezagoa dela aita metaforikoki hiltzea fisikoki hilda dagoelarik (“Etiopia” 1978koa da, ez dezagun ahaztu, eta Aresti 1975ean zendu zen).

    b) Agian arazoa dela, orobat, ez dagoela aita bakarra, baizik eta gutxienez bi, Sarrionandia/Izagirre bikotea nolabaiteko aita espektraltzat hartzen badugu bederen.

    Eta ez daukat honetan sakontzeko astirik, alabak deika baititut; oraindik ni hiltzeko asmorik izango ez dutela espero dut behintzat.

  2. ielortza

    Aupa Beñat:
    Sarri berba egin dut gai honetaz, eta bertsogintzan (Egaña) eta kantagintza popularrean (Hertzainak/Negu Gorriak) oso antzera izan dela da nire iritzia; bertso munduan aitonak reibindikatu dituzte gazteenek, eta amonak berriki.
    Zerbait generazionala badago hor. Euskaldunok siziologikoki aldatzen gabiltza, horrek dauzkan bere alde potentzislitate eta arriskuekin.
    Aitamak hiltzeak etxearen kargu egin beharra ere badakar…

Utzi iruzkina