Artxiboak eguneka: abuztua 23, 2008

Originaltasuna: Aurkitu diferentziak

       Idazle ustekoak ideia bikaina eduki duelakoan ordenagailua piztu eta poema bat idazten du. Poema idatzita dauka baina ez du asmatzen tituluarekin, eta azkenean, fakultateko ikasgai bat gogoan hartu eta On denoting izenburua jartzen dio, Bertrand Russell-en artikulu bati erreferentzia egin nahian. Poema bukatuta harro sentitzen da bere buruaz eta inoiz publikatzea espero duen poema bilduman sartzea deliberatzen du.

“Eiderrek liburua irekitzen du eta banan-banan hasten da marrazkiei izenak ipintzen. Amak lagundu egiten dio. Txoria; bai txoria. Trena, trena. Zuhaitza, zuhaitza. Gizona, gizona. Mot… Motorra, motorra da, brum-brum egiten du. Hau? Semaforoa, bere koloreak dira… berdea, horia, gorria. Oso ondo. Kotxea, kotxea. Hau? Zera esateko puntuan egon da: Zipaioa, bere herriaren kontra egiten duen polizia prokolonialista. Berak sartu zuen osaba Felipe kartzelan. Baina azkenean, ez daki ongi zergatik: «Ertzaina, Eider, ertzaina da hori».”

 

       Idazle ustekoak honezkero publikatu du bere lehen liburua, egin dizkiote kritikak, aipamenak, elkarrizketak, telebistan atera dute ere, pentsa. Inork nabarmendu izan dio On denoting poema hori halaber. Udara ailegatu delarik aspaldian irakurtzeko zuen liburu bat hartzen du azkenik eskuartean. Gasteizko hondartzak izena du. Liburuaren erdialdera-edo “Alfabetatzea” izeneko ipuin labur bat dago, eta zera dio:

 

“Lanerako bidean aitak eskutik oratuta darama seme txikia eskolara. Duela oso gutxi irakurtzen ikasita, dendetako izenak aitari esanez doa: Encuadernaciones Mainer, Kolkay, Añua, Sosoaga, Calzados Avelino…

                Pozik doa umea, bereganatu berri duen botereak txundituta. Munduak ez dio sekreturik gordetzen.

                Aita isilik darama aldamenean.

                Askatasuna, irakurri du letra beltz eta apur bat okerraz horman idatzitakoa.

                Ez daki zer, baina eskuan nabaritu du behingoan zer edo zer txarto egin duena.”

 

       Idazle ustekoak ez daki intertestualitatez eta originaltasunaren mitoaz enegarren hitzaspertua egin edo, sinpleki,  literatura irakurtzen jarraitu. Ea bigarrena egiten duen.

 

 

 

 

Iruzkin 1

Literatura atalean