Artxiboak eguneka: otsaila 14, 2009

Galdetzearen ajeak, politika klasean

Frantses hizkuntza ikasteko ikastaro batera apuntatu eta duela pare bat egun izan dut lehenengo klasea. Aspaldian frantsesa zer edo zer ikasi nuen arren oso ahaztuta daukat eta lehenengo mailatik abiatu naiz. Klasean denetarik dago: pare bat estatubatuar, Puerto Ricoko bat, argentinar bat, katalanak (gehiengoa). Aurkezpen kontuak-eta aprobetxatuz, albokoarekin elkarrizketa labur bat mantendu behar genuen: Comment tu t´appelles?, Qu´es ce que tu étudies? eta abar. Galdera horietako bat Tu es espagnol? zen. Halaxe hasi gara binaka taldearen aurrean. Estatubatuarrek eta enparauek non erantzun dute, lasai asko, noski. Katalanen garaia iritsi da eta batek oui erantzun du, beste batek oui, je suis espagnol et catalan, beste batek catalan et espagnol orden aldaketa azpimarratuz. Ni azkenetakoa izan naiz, eta nire kideak Tu es espagnol? galdetu didanean zer erantzun ez nekiela geratu naiz, egiazki, nahiago nukeen isilik geratu, baina erantzun beharra neukan. Non, je suis basque erantzun diot azkenean. Klasea barrezka hasi da eta irakasleak esan du frantsesentzat oso harrigarria dela “jatorriarekiko atxikimendu eta harrotasun hori”. Buruarekin ezetz egin dut. Banekien hau gertatuko zela. Ezetz, ez dudala nire jatorriarekin inolako atxikimendu berezirik, are gutxiago harrotasunik, esan nahi nion baina isilik geratu naiz. Badakizue, politika ez da klasean sartu behar.

Frantzian -jarraitu du irakasleak- erregioak daude, badago Normandia, Bretainia eta abar, baina denak sentitzen dira frantses (oro har). Esan nahi nion niri bost axola zaidala gehienetan Nafarroako Erresuma zergatik desegin zen, Orreagan edo Gernikako Arbolaren aurrean ez naizela hunkitzen, ez dudala ikurrinik etxean ez eta laubururik golkoan, ez dudala inolako interesik Euskadiko edo Euskal Herriko Nortasun Nazional (polizial) bat edukitzeko, naziogintza bezalako hitzak (-gintza eta –gile atzizkia duten asko bezala) ez ditudala gogoko, foruekin independenteak ote ginen ere ez dela nire ardura zentrala, RH-az zer esan, eta nire bigarren deitura Santamaria delako ez dudala sufritzen (nire aitonak sufritzen zuen moduan). Hori guztia eta gehiago esan nahi nion, baina luze joko zuen, eta batez ere,  badakizue, klasera ez da politika eraman behar.

“Hi Beñat, zer euskaldun klase haiz?” galdetu diot orduan nire buruari. Apur bat pentsatu eta ondorio honetara iritsi naiz: Galdetzen didatenean naiz euskaldun, edo hobeto esanda, erantzutera behartzen nautenean.

3 Iruzkin

Euskal kultura atalean