Artxiboak eguneka: otsaila 23, 2009

Subordinazioaren kontra, Imanol Galfarsoro

Subordinazioaren kontra irakurtzen ari nintzen bitartean, Noam Chomskyk eta Michel Foucaultek 1971n Amsterdamgo Unibertsitatean edukitako eztabaidarekin akordatu naiz. Horra hor ezkerrean kokatu ohi diren bi intelektual erreferentziazko, zeintzuen artean amildegi sakon bat baitago: asko laburbilduz, batak, Chomskyk, tradizio liberaletik edaten du, eta besteak, Foucaultek, ostera, «susmoaren filosofiaren» ildotik (Marx-Nietzsche-Freud). Foucaultek momentu batean zera aipatzen du: «Proletargoa ez da klase dominantearen kontra borrokatzen bere gerra justua dela uste duelako; borroka egiten du zeren, historian estreinakoz, boterea eskuratu nahi du. Eta klase dominantearen boterea deuseztatuko duelako iruditzen zaio bere gerra justua». Chomskyren erantzuna laburra da oso: «Ez nago ados». Foucaultek berriz ere: «Gerra irabazteko egiten da, ez justua delako».

Foucaulten tesi horien gerizpean koka daiteke, halaber, Imanol Galfarsororen liburu berria. Oinarrian, liburua Joseba Zulaikaren azkeneko liburuari (ETAren hautsa-ri) emandako erantzuna da. Zentzu orokorrago batean, Slavoj Zizek pentsalari esloveniarrak unibertsalismo eta kosmopolitismoari egindako kritikaren aplikazioa euskal errealitatean. Hala, Galfarsororen kritikaren jopuntu nagusiak, Zulaikaz gain, Jon Suduperen «fikzio posnazionala» eta Bernardo Atxagaren Euskal Hiria dira, hots, euskal intelligentsia-ko alderdi «humanista»-edo (subordinatua, Galfarsororen hitzetan). Esango nuke Chomsky eta Foucaulten artean dagoen amildegi bera dela Galfarsoro eta beste euskal pentsalari hauen artean dagoen zuloa.

Alde horretatik, Galfarsororen proposamena iraultzailea da oso, eta, nire ustetan, Zulaikak-eta Galfarsoro kokatzen den «Euskal Herrian azken 40-50 urteetan eratu den Ezkerrari» -Ezker Abertzaleari, alegia- egin dizkioten kritikei aterabidea bilatzeko modurik bikainena. Galfarsororekin ados ala desados egon, ukaezina iruditzen zait bere operazio intelektualaren argitasuna, ia aurrekaririk gabekoa gurean (nahiko adierazgarria, zentzu honetan, Joxe Azurmendi izatea hitzaurrearen egilea). Hala, Subordinazioaren kontra, Ezker Abertzalea egungo teorizazio ezkertiar abangoardistenekin (desberdintasunak desberdintasun, hor leudeke, besteak beste, Toni Negri, Alain Badiou, Chantal Mouffle eta, jakina, Zizek) pentsatzeko saiakera da. Sozialdemokrazian erorita erridikulua egin nahi ez duen edozein planteamendu ezkertiar testuinguru teoriko horretan kokatu behar dela kontziente izanik, Galfarsorok askapen nazionalaren aldeko borroka -euskal estatuaren aldekoa- euskal gizarteko elementu askatzaile funtsezkoenetakotzat jotzen du. Puntu honetan ezkerretik kritikatzen ahal da Galfarsororen zenbait ikuspuntu; esaterako, askapen nazionalaren borrokan erroturik dauden zenbait ekinbide sakonean subordinatu adieraziz, estatuaren halako garrantzia zalantzan jarriz (autonomismotik), edo askapen nazionalaren borrokan kokatzen ez diren beste zenbait euskal borroka askatzaile azpimarratuz. Haatik, saiakera honek ezkerraren eztabaida gaur egun dagokion lekuan kokatzen du lehenik, eta gisa honetan, ikerketa bide berri emankorrei bidea irekitzen.

Liburuaren irakurketa ez da samurra; edukia bera, mendebaldeko uste eta fede politiko errotuenak leherrarazten dituen heinean, samurra ez delako, eta idazkera ere nahiko «prosaiko zabarra» delako, Zizekena bezalaxe. Nolanahi dela, Subordinazioaren kontra euskal saiogintzako azkenaldiko emaitzarik aipagarrienetakoa da, dudarik gabe.

Berria, 09/02/22

Iruzkin bat utzi

Literatur kritikak atalean