Artxiboak eguneka: otsaila 25, 2009

Aturem Bologna

Bihar, hilak 26, ikasten ari naizen unibertsitatean –Universitat de Barcelona-n-, erreferendum bat egingo da “Bologna prozesua” terminoarekin laburtzen den unibertsitate mailako aldaketen inguruan. Prozesua gelditzearekin ados ote zauden da galdetzen dena. Nik “bai” bozkatuko dut.

Luze eta zabal hitz egin da plan honen inguruan, baina Euskal Herriari dagokionez, deigarriena egin zaidana zera izan da: prozesu honen aurrean osatu den oposizioa nola kriminalizatu den. Betiko silogismo itsua erabiliz: Ezker Abertzaleak egiten duen edozer gauza automatikoki arbuiagarria (inkluso ilegala) da > Ezker Abertzalea (Ikasle Abertzaleak) Bologniaren kontra dago, ergo Bolognia prozesua defendatu behar dugu.

Hori alde batetik, zeren bestetik, zenbait teknokrata abertzaleren maskara kentzeko balio izan du eztabaidak, abertzale hauei modelo ultraliberalak nola gustatzen zaizkien argi eta garbi utzi baitu (Bolognaren arazo bakarra euskara baztertzeko arriskua omen!).

Euskal Herriko egoera politikoak dena nahasten du eta batzuetan ez dizkigu gauzak ongi ikusten uzten. Errealitatea hauxe da: Euskal Herritik kanpo ez dago zalantzarik, ezker guztiak (ez naiz ari black-block-eko jendeaz soilik, ezkerrekoak omen diren beste hainbat sektore baita ere) bat egiten du prozesu honen kontra. Eskuinak Bologniako prozesua defendatzeko, hala Euskal Herrian, nola gainontzeko lekuetan, erabili duen argudio sakon eta elaboratu horietako bat prozesuaren kontra daudenak “gazte ezjakinak” direla izan da, auzia ezagutzarekin lotuta dagoen kontu tekniko bat balitz bezala (oro har auzi politikoetan eskuinak hartu ohi duen estrategia nagusietako bat, bestetik). Ez dute ulertzen, edo ez dute ulertu nahi, arazoa politikoa dela, ez jakintzazkoa. Hala, esaten da 1999ko Bolognako adierazpenak ez duela kritikatzen zaion hori guztia (merkatuarekiko menpekotasuna, sektore pribatuaren indartzea, humanitateen zokoratzea eta abar.) esaten, eta neurri batean egia da, adierazpen hori tautologiaz, orokortasunez eta nabarikeriaz osatutako hiru orrialdeko testu happyflya baita. Marka litzateke gero hiru orrialdetan kapitalismoaren eta neoliberalismoaren printzipioak laburtzea! Ez dira hain inteligenteak! Bolognako prozesua, egiatan, adierazpen konkretu hori baino gehiago da.

Eta hori, Bolognako adierazpenak jadanik gordetzen duela halako hizkuntza merkantilista susmagarri bat non “lehiakortasuna”, “kalitatea” eta “metodologia komun” bezalako termino adierazkorrak gailentzen diren. Bologniako deklarazio horrek, beraz, bere prosa txepelaren atzean, ondo asko ezkutatzen du potentzialki Europa mailako maniobra politiko hau izango dena. Eta ez da ni aztia naizela. Zapateroren gobernuak onartutako “Documento-Marco” delakoak (Bologna Espainian praktikan ezartzeko irizpideak zehazten dituena) argi asko uzten baitigu kontua (eskertzekoa da, egia esan, itzulinguruka ez ibiltzea):

“Los objetivos formativos de las enseñanzas oficiales de nivel de grado tendrán, con carácter general, una orientación profesional, es decir, deberán proporcionar una formación universitaria en la que se integren armónicamente las competencias genéricas básicas, las competencias transversales relacionadas con la formación integral de las personas y las competencias más específicas que posibiliten una orientación profesional que permita a los titulados una integración en el mercado de trabajo. A este respecto, resultará esencial en el proceso de diseño y elaboración de las enseñanzas oficiales del nivel de Grado no sólo su armonización con las titulaciones consolidadas en otros países europeos en cada uno de los ámbitos científicos, técnicos y artísticos, sino la estrecha colaboración entre los responsables académicos y los de las asociaciones y Colegios Profesionales.”

Uste dut gauzak ez duela komentario gehigarririk behar; esan gabe doa testu zati hori adibide bat baino ez dela. Oso ondo iruditzen zait, gainontzeko lekuetan bezalaxe, Euskal Herriaren ere Bolognako prozesuaren aldeko ahotsak egotea, baina utz ditzagun gauzak argi eta garbi: Bologna prozesua defendatzen dutenek hezkuntza eta gizarte eredu merkantilista-liberal-kapitalista (to!) defendatzen ari dira, nahi duten hitz polit, ñabardura, gurasokeria eta jarrera harroarekin, baina horretan ari dira.

Egungo unibertsitate sistema zaharkitu, atrofiatu, burokratiko, geldo eta errutinarioa aldatzeko beharra dagoela ez dago inongo dudarik, baina ez gara hain tontoak ere aitzakia horrekin Bolognaren porru hau sartzen uzteko.

9 Iruzkin

General atalean